Udazkeneko agendan, Udal Legea izango da protagonista

Irati Goitia 2014ko ira. 18a, 12:00
Arrasateko udaletxea.

Udazkenean pasako omen da Eusko Legebiltzarretik Udal Legearen aurreproiektua. Urteetako saiakeren ostean, badirudi oraingo honek aurrera egiteko aukera gehiago dituela, krisia eta Espainiako Gobernuak onartutako Tokiko Administrazioa Arrazionalizatzeko eta Iraunarazteko Legea direla-eta. Hala ere, ikusi egin beharko da gauzak konplikatzen ez diren. 

35 urte lege barik 

"Udal Legea da Euskadiren egituraketa juridiko-instituzionalerako arau juridikorik garrantzitsuenetakoa, eta, hala ere, 1979an EAEko autogobernua berreskuratu zenetik, 35 urte igaro dira, Euskadiko Udal Legea oraindik onartzeke". Hala dio Euskal Autonomia Erkidegoko Udal Legearen aurreproiektuak bere lehen lerroetan. 

35 urte hauetan egin dira hainbat saiakera eta azken hau martxo aldera jarri zuten martxan. Orduan deitu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadiko Udalen Kontseilua. Aurreproiektua egiteko prozesuan parte hartu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako ordezkariek eta Eudeleko zuzendaritzakoek. Euskal instituzio guztien elkarlanaren emaitza izan dela adierazi zuen Josu Erkorekak, Jaurlaritzako bozeramaileak, aurreproiektuaren aurkezpena egin zuenean. Testuan bertan zehazten da autogobernu sistemarentzat giltzarri den lege horrek ahalik eta babes handiena lor zezan, hitzartzeko eta elkar ulertzeko metodologia bikoitza jarri dela abian: batetik, inplikatutako maila instituzionalen artean, eta, bestetik, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten sentsibilitate politiko desberdinen artean. 

Hala ere, ekain amaieran, Eusko Jaurlaritzak aurreproiektua aurkeztu zienean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiei eta Eudeli, ordezkari gipuzkoarrak kritiko azaldu ziren. Hitza Eudelen zuzendaritzari bakarrik eman zitzaiola eta ildo horrekin bat egiten ez duten ehundik gora alkate daudela adierazi zuten. “Gipuzkoako Foru Aldundiak berari dagozkion atal mugatu batzuk hausnartzeko aukera izan du eta egin du. Udalei dagokien ordezkaritza, aldiz, Eudelen zuzendaritzan dauden alkate gutxi batzuen eskuetan utzi dute. Hau bereziki larria da, alde batetik Eudelen zuzendaritzaren bidearekin bat egiten ez duen alkate talde oso zabala dagoelako eta, bestetik, udalen parte-hartze zuzenik gabe Udalen Legea egiten hasteak hasierako akatsa duelako. Eta araudia zorrotz begiratzen bada, legea bera ere urratzen duelako", adierazi du Ugartek, Foru Aldundiko bozeramaileak. 

Azkarragaurizarrek ere kritika bera egin du: "Gipuzkoako udalerri gehienek ez dute beren ekarpenak egiteko aukerarik izan. Izan ere, Bilduko udalok ez gaude Eudelen ordezkatuta. Gipuzkoako udalerri guztien parte-hartzea bermatzea eskatuko nuke". Gaineratu du uztailaren 11n  Arrasateko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu ziola Udal Legearen aurreproiektua helarazteko, eta Udalari hiru hileko epea ematea aurreproiektua kontsultatu eta ekarpenak egiteko. Irailaren 2an Eusko Jaurlaritzaren ezezkoa jaso omen zuten, esanez, euren eskaerak Eudelen bitartez bideratzeko.

Oñatiko alkate ohi eta aurreko lege saiakeran Eudeleko exekutibako kide Lourdes Idoiagak dio, ordea, udalek oso modu aktiboan hartu dutela parte: "Eusko Jaurlaritzaren  betebeharra da, lege garapenerako araudiak agintzen duen bezala, herritarrak gehien ordezkatzen dituen udal elkarteari kontsulta egitea, eta hori gaur egun Eudel da".

Bestalde, Ugartek kritikatu du ez duela uste EAJren aldetik Udal Lege bat aurrera ateratzeko benetako borondaterik egon denik urte hauetan guztietan: “EAJk 30 urtetik gora izan ditu Udal Legea martxan jartzeko eta egin nahi izan ez badu interesatu ez zaiolako izan da”. Idoiagak erantzun du: "35 urtean lege hau ez garatu izanaren errua EAJri leporatzea eskusa bat da, norberaren ardurak gordetzeko, baina orain ikusiko da bakoitzaren borondatea". 

Joko arauak zehaztu 

Udalen eskumenak finkatzea eta jasotzen duten finantzaketa zehaztea izango dira Udal Legearen helburu nagusiak. Aurreproiektuan jasotzen da 37 eskumen emango dizkiela lege horrek udalei; adibidez, honako hauek: etxebizitzen plangintza, gizarte zerbitzuak, ondare historikoa babestea, turismoa sustatzea, berdintasun politikak, garraio publikoa planifikatzea... Noski, eskumen horiek aurrera eramateko beharrezkoa da finantzazioa, eta hori ere bermatuko omen du legeak. Hain zuzen, aurreproiektuaren arabera, udalek –Eudelen bitartez— Finantzen Euskal Kontseiluan iritzia emateko eta bozkatzeko aukera izango dute, baita Zergen Koordinaziorako Organoan ere, zergetatik jasotako diruaren banaketak zuzenean eragiten dienean. "Udalen autogobernua indartuko da, Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenetan kalterik izan gabe”, esan zuen Erkorekak aurreproiektuaren aurkezpena egin zuenean. 

"Beharrezkoa"

Urte askoan hautetsi eta instituzio ugariren eskaera izan da Udal Legea, baita Debagoienean ere. Egungo ordezkariek ere beharrezkotzat ikusten dute.

"Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako udalek ez dute izan beren jarduera arautuko zuen lege propiorik, eta 1985ean onartutako LBRL delako estatu mailako legea izan da oinarri", azaldu du Ugartek. Gaineratu du Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako udalek beren beharrei erantzungo dien araudia izatea ezinbestekoa dela. "Herritarren beharrei erantzuteko ahalmena eta autonomia izango duten instituzioak izan behar dute udalek. Euskal Herriaren eraikuntzan eragile izango direnak. Gaur egungo legeriak aukera eta bide hori eragotzi egiten duelako da ezinbestekoa Udal Lege bat".

Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarren ustez ere ezinbestekoa da: "Arau esparru baten falta igartzen dugu erabat. Argi eta egonkor geratu behar dute udalek eman beharreko zerbitzuak zeintzuk diren".

Idoiagak urtetan egin den eskaera dela nabarmendu du: "Egia da bazegoela funtzionamendurako marko edo oinarrizko legedi bat eta Foru Arauak lurralde historiko bakoitzean nolabait finkatuta zituela betebeharrak eta abar, baina, askotan, betebehar horien hedadura edo finantzazioa ez zegoen argi".

Espainiaren atzaparrak 

Bestalde, Idoiagak esan du legea orain inoiz baino beharrezkoa dela, Espainiako Gobernuak Tokiko Administrazioa Arrazionalizazio eta Iraunarazteko Legea onartu duenetik. "Estatuak asko aldatu ditu erkidego autonomoen eta udalen konpetentziak lege horren bitartez, nahiz eta Euskadirako –EAJk Madrilen negoziatutakoa– Foru Legearen babesaren barruan inpaktua txikiagoa izan den; orain, inoiz baino beharrezkoagoa da Udal Legea", dio alkate ohiak. Iaz abenduan onartu zuen Espainiako Gobernuak Idoiagak aipatzen duen Tokiko Administrazioa Arrazionalizazio eta Iraunarazteko Legea. Horrek murriztu egingo ditu udalen eskumenak. "Udalen gaineko kontrola eta zentralismoa areagotzen du eta bidea zabaltzen dio zerbitzuen pribatizazioari", esan du Foru Aldundiko bozeramaileak. 

Mehatxu hori izan daiteke oraingo aurreproiektuak aurrera egiteko arrazoietako bat, baina krisiak ere badu zeresana. Izan ere, finantzaziorik ezak kolokan jarri ditu udalek bereganatutako hainbat eskumen. "Urteotan beste administrazio batzuetatik finantzatu izan diren jarduerak gutxituz joan dira eta udalok izan gara ematen den zerbitzua ez mozteko izugarrizko ahalegina eginez dirua jartzen jarraitu dugunak”, azaldu du Arrasateko alkateak. Adibide bezala jarri ditu honako hauek: Gizarte Larrialdietako Laguntzak, Iturbide egoitza, Euskaltegia, hezkuntza zentroetako inbertsioak, ingurumena, enplegua... Berretsi egiten du hori Ugartek: "Hainbat izan dira Aldunditik eskumenak jaso arren finantzaziorik ez izatearen ondorioz zerbitzua eman ahal ezinda geratu diren udalerriak. Edota arrazoi beragatik pribatizazioaren bidea hartu dutenak". Adibide adierazgarrienetako bat AESaen kasua dela dio. Nahiz eta udalek kudeatu, Jaurlaritzatik datorren diruarekin garatzen direlako, eta azken horrek murrizketak egitean, udalak emergentziazkoak diren laguntzak ere eman ezinda utzi dituelako.

"Menpekotasuna" 

Horrela, orain arte legerik ez izateak beste instituzio batzuekiko menpekotasuna ere eragin omen du. Gipuzkoaren, Bizkaiaren eta Arabaren kasuetan, Udal Lege bat ez izateak aldundien eta Jaurlaritzaren menpe egotera kondenatu omen ditu udalak, Ugarteren iritziz. Bereziki, finantzabide eredu propio eta zehatz bat ez izatearen ondorioz. Bestalde, egun  eskumenen eremuan dagoen "anabasa eta bikoizketak" bukatzea funtsezkoa dela dio. Udalek azken urteetan izan duten arazorik handiena eskumenak jaso baina finantzabiderik ez izatetik etorri omen da. "Mahai gainean dagoen zirriborroak oraindik hutsuneak ditu eremu horretan; beraz, asko hobetu beharko da atal hori ere, udalek azken urteetan jaso duten karga horri errotik buelta emateko", zehaztu du.

Arrasateko alkatearen ustez, menpekotasun horrek ezinegona sortzen du: "Izugarrizko ezinegona sortzen du urtero beste instituzio batzuetatik ze diru laguntza etorriko den zain egoteak, askotan oinarrizko zerbitzu batzuk emateko. Ezin da onartu beste administrazio batzuek finantzatutako jarduerak geroz eta gutxiago izatea, eta, aldiz, udalak izan behar izatea finantzaketa jarri behar dutenak".

Idoiagak ere menpekotasun "argia" sortu dela dio, batez ere, Foru Aldundien tutoretza edo zaintza ekonomiko-finantzarioan. "Lege honek udalak adinez nagusi egingo ditu".

"Herritarren onurarako"

Tokiko erakundeak indartzea da legearen helburua, hein batean. EAEko udalei behar bezalako toki-autonomia ematea, aurreproiektuan bertan idatzita dagoenez. Hala, legeak apustu garbia egiten du tokiko gobernu mailen sendotze instituzionalaren alde. Izan ere, udala da herritarrengandik gertuen dagoen erabaki-foroa. Udalak direlako herritarrek arazoa konpontzeko jotzen duten lehendabiziko atea. 

"Honek argituko ditu maila instituzional bakoitzean ardurak non gelditzen diren. Zeinek izango duen prestazioen ardura bakoitza. Eta gero, batez ere, segurtasun juridikoa ekarriko du. Eta ondorioz, normala den moduan, efizientzia handiagoarekin emango dira prestazio guztiak herritarrentzako", dio Idoiagak. Gaineratzen du herritarrak izango direla benetako onuradunak. 

Helburua onuradun nagusiak udalak bai, baina herritarrak izatea dela dio Ugartek: "Udalak, herritarren zerbitzura egon behar duten instituzioak direlako. Beraien eguneroko beharrizanei modu eraginkor eta azkarrean erantzuteko gaitasuna izango dutelako udalek. Udal Lege on baten onurak denentzako izango dira".

Azkarragaurizar ere ildo beretik mintzo da: "Argi dago udalon mesedetan joan beharko lukeela. Esparru horretan ezarrita geratu behar dira, argi eta aldi batean egonkor, udalek eman beharreko zerbitzuak zeintzuk diren eta hori egiteko edukiko dituzten finantza baliabideak. Udalotan gure baliabide ekonomikoak hobeto kudeatzeko gai izango garelako, eta zehaztuta geldituko dira administrazio bakoitzaren eskumenak".

Etorkizuna

Uztailaren 1ean egin zen publiko Jaurlaritzaren aurreproiektua. Ondoren ireki zen alegazioak egiteko epea. PSEko hainbat kidek aurreproiektua ez atzeratzea eskatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak helegiterik ez duela egingo iragarri, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak gogor kritikatu eta Eudelek alegazio "juridiko eta teknikoak" egin ditu.  Ekarpenak bilduta aurreikusten zen Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak irailean onartuko duela eta udazkenean pasako litzatekeela Eusko Legebiltzarretik. Izan ere, Eusko Legebiltzarrak du legeari buruzko azken hitza. EAJk eta PSEk gehiengo nahikoa izango lukete Eusko Legebiltzarrean Udal Legea onartzeko, baina adostasuna zabaltzea bilatu nahi omen dute.

Gipuzkoako Foru Aldundia bitartekari lanak egiteko prest azaldu da. "Guk gure ahalegina, borondatea eta lana jarriko dugu hori hala izan dadin. Hala ere, argi utzi behar da legea ateratzea garrantzitsua dela, baina are garrantzitsuagoa dela lege on bat ateratzea. Hala ere, 35 urte pasa ditugu legerik gabe, eta orain, gauzak azkar egin behar diren aitzakiapean, udalei ekarpenak egiteko eperik utzi gabe, herritarrak behar bezala informatu gabe eta oinarrizkoa den eztabaida eman gabe, korrika eta presaka onartzen saiatzea okerra iruditzen zaigu. Badago astia gauzak ondo egiteko, eta hori hala izan dadin exijituko dugu", esan du Ugartek. 

Azkarragaurizar adostasun ahalik eta zabalena lortzearen alde agertu da: "Nik uste dut Eusko Jaurlaritzaren legealdi honetan onartuko dela. Beharrezkoa da eta ezin da atzeratu gehiago. Udal Legerik ez izateak, bistan da, izugarri kaltetzen gaitu udalok. Nik uste dut adostasunerako borondatea baldin badago, egingo dela. Lege honek behar-beharrezkoa du ahalik eta kontsentsu politiko eta instituzional handiena".

Idoiagak ere legealdi honetan onartuko dela uste du: "Horren ametsa dut, behintzat, eta ez dadila oztopatzailerik egon edo azken orduko oztopo berezi edo interesaturik. Nik uste dut adostasunerako borondatea badago, egingo dela. Uste dut adostasun maila handia dagoela. Lege honek beharrezkoa du ahalik eta kontsentsu politiko eta instituzional handiena".

----------

Eudel, alegazio "juridiko eta teknikoak" 

Eudelek abuztuan bidali zituen Eusko Jaurlaritzara eginiko alegazioak. Izaera "juridiko eta teknikokoak". Izan ere, Eudeletik adierazi dute aurreproiektua lantzeko aurrera eramandako metodologia parte-hartzailearen ondorioz, oinarri nagusietan ados daudela eta euren iritzia testuan barneratuta dagoela. Hala nola Finantzen Euskal Kontseiluan ordezkaritza izatea eta esleipenei eta finantzazioari dagozkion eskaerak.

----------

PSEk eskatu du  ez dadila legea atzeratu

Udal Legearen aurreproiektua ez atzeratzea eskatu dio EAJri PSEk. Oinarrietan bat dator alderdi sozialista; izan ere, esan dute Patxi Lopezen garaian eginikoaren oso antzerakoa dela. "Gobernu sozialistak aurreko legealdian idatzitakoaren aldean ezberdintasun txiki batzuk ditu". Hala ere, kritikak ere izan dituzte. EAJri urteetan legea "atzeratzen" saiatzea leporatu diote eta alderdi popularraren jarrera "atzerakoia" gaitzetsi dute.

----------

De Andres, Arabatik, kritiko aurreproiektuaz

Javier de Andres, Arabako ahaldun nagusia, Udal Legearen aurka azaldu da. Diputazioan egitekoa desegiten duela dio eta "zergak biltzeko agentzia soil" bilakatzen direla. Horrela, hogeitaka dira Arabako Aldundiak aurreproiektuari jarritako alegazioak. De Andresek kritikatu du Eudelen hiru ordezkari Finantzen Euskal Kontseiluan sartzea. "Ez dira instituzio bateko ordezkariak. Ez dituzte herritarrek aukeratu bozka bidez", esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak