Ikasturte berrian ere, Debagoiena dantzan

Maialen Torres 2014ko ira. 13a, 09:46
Herrixa Dantzan dantzaldi gidatua, Gure Esku Dago egunean.

Joan den ikasturteko arrakasta ikusita, berriro ere izango da plazan dantza egiten ikasteko aukera Patxi Monteroren eskutik.  "Helduek plazan dantzatzen ikastea da helburua, eta, bide batez, plazetako dantzak sustatu eta berreskuratzea", dio Monterok.

Horrela, ikastaroetan "Euskal Herriko edozein plazatan dantzatzeko" trebatuko ditu ikasleak, ohiko arin-arin eta fandangoaz gain, mota guztietako dantzak landuko baitira ikastaroetan. Besteak beste, dantza lotuak –pasodoblea, polka, boleroa...–, solteak, dantza jauziak, kontradantzak eta inongo generotan sartzen ez diren baina izen propioa duten dantza ezagunak.

Arrasaten urriaren 6an ekingo diote ikastaroari, eta taldeak bi mailatan banatuko dituzte. Lehen mailakoak asteazkenetan arituko dira 19:30etik 21:00etara eta bigarrenekoak, berriz, astelehenetan, 18:00etatik 19:30era. Bergaran astearteetan izango da ikastaroa irailaren 30etik aurrera, eta bi mailak egun berean arituko dira, 19:30ean hasita. Horrez gain, bi herrietan "dantza txokoa" ere eskainiko dute, maila handiagoa dutenentzat.

Dena den, Monterok azpimarratu nahi izan du bere ikastaroak dantzan ikasteko bideetako bat baino ez direla, eta garrantzitsuena plazak biziberritzea dela.

Herrixa Dantzan

Askotan eskutik helduta doazen arren, dantza ikastaroak eta Herrixa Dantzan ekimen independenteak dira. Gidatutako dantzaldiak erabat irekiak dira, dantzatzeko gogoa, zaletasuna edota jakin-mina duen edonori zuzenduak. Monterok dioenez, "dantza jolasa da, eta, Herrixa Dantzan ekimenaren bidez, modu sinplean herritarrek dantza dibertsiorako tresna gisa berreskuratzea da helburua". Dantzaldi gidatuak urrian hasiko dira, baina oraindik egutegiak lotu gabe daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak