Bisitari ugari eta ostatuetan ere pozik aurtengo uda sasoiarekin

Julen Iriondo 2014ko ira. 1a, 18:01

Bisitatu ez ezik, gehiagok pasa dute gaua aurtengo udan Debagoienean. Kataluniar ugari ibili da, eta Europatik, frantziarrak gehien. Talde handietan baino gehiago, familian etorri dira batez ere. Ostatuetan, pozik dira aurtengo uda sasoiarekin, eguraldiak eguraldi.

Datu batzuk, adibide: egubakoitza bitartean –hilak 29–, Oñatiko turismo bulegotik 2.327 pertsona pasa ziren abuztuan –bisita gidatuetan 1.036 lagunek hartu dute parte–; bostetik bat, euskal herritarrak; bertakoak beste, ia, kataluniarrak (398) –valentziarrak (258) eta andaluziarrak (243) ondoren–, eta Europatik iritsitako bisitarien artean frantziarrak, nabarmen, gehien (206).

Oñatira bisitan etorri diren asko, beste bulegoren batean gomendatuta etorri omen dira, eta behin herria ezagututa, "merezi duela" esaten dutela dio turismo bulegoko Edurne Urteagak. "Askok esan digute barrualdean ibiltzeko gogoa zutela, kostaldea beste urte batzuetatik ezagutzen zutela, eta nahi zutela gehiago barrualdea ikustea".

Zenbakiekin pozik ageri da Urteaga: "Aurten, gainera, ikusi dugu taldeak, agentzietatik-eta, gutxiago datozela agian, baina solteko pertsona horiek bisitak hartu dituztela beste urte batzuetan baino gehixeago. Herriko jendea ere gehiago geratu da bertan, eta eurek ere hartu dituzte bisitak, batzuek errepikatu egin dute gainera, euren lagunak ekarrita: funtzionatzen ari da". Egunero bi bisita eskaini, eta ia-ia denak irten ei dira. Antolatutako talde handiak, oro har, gutxitu arren, justu Jaengo autobuskada zuten egunean egin zizkigun berbok turismo bulegoko gidariak. Oñati eta Arantzazu zituzten bisitatzekoak.

Ba, hain justu, Arantzazun, beste bikote bat, madrildarra –handik etorritako bisitariak ere asko izan dira, ohi bezala–, Edurne Urteagak zioen bezala, kostalderako baino barru alderako gogo gehiago zuten horietakoa: " Egun batzuk pasatzera etorri gara, eta hau pixka bat ezagutzera. Donostian egonak ginen, eta Hondarribian, baina beste zerbait ere ikusi nahi genuen. Oraingoan gauza gehiago ikusi ditugu. Arantzazun hartu dugu ostatu, ez zenez oso garestia...".

Ricardo eta Maribel, Arantzazu oinarrizko kanpaleku hartu eta handik irteerak egiten, "ingurura": "Lau egun egon gara eta itzuli egin behar dugu, lanera joan behar dugu-eta. Lan egin behar dugu, jateko eta bueltatzeko, hau polita da-eta. Bermeon izan gara, Matxitxako lurmuturrean, Loiolan eta Antiguan ere bai, Urbiara joan gara... Eta orain Idiazabal gazta batzuk erostera joatekoak gara. Oñatin ere egon gara, noski; oso herri polita. Elizak, ermitak... ikusten ibili gara. Gasteiz ere ezagutu dugu, katedrala, alde zaharra... Dena gustatu zaigu; niri mendia gehiago gustatzen zait itsasoa baino. Animaliak ikustea, basoa... Eta jan oso ondo egiten da".

Arantzazu eta Arrikrutz

Bisitariak ez, Arantzazun ohikoak direnei galdetuta, zioten jende asko ibili dela han ere abuztuan, "beste urte batzuetan baino gehiago"; aparkalekua egunero beteta egon dela, eta matrikulak begiratuz gero, kanpoko jende asko ibili dela esan daitekeela.

Hori berresten dute Aizkorri-Aratzeko parketxeko datuek ere,  "hobekuntza nabarmena" izan dela bisitari kopuruan. Abuztuarekin batera, uda hasiera, ekaina ere ona izan zela diote zenbakiek. Eta bisitarien jatorriari dagokionez, Arantzazun ere ohiko joera, nahiz eta hurrenkeran ñabarduraren bat egon: Madril, Katalunia, Andaluzia; eta Alemania, Holanda, Frantzia.

Arrikrutzen ere pozik egoteko moduko datuak batu dituzte, 2008 urtetik hona onenak, azken urteetako beherako joera kolpetik etenaz. Kobak zabaldu osteko aurreneko bi urteetatik, 2.000 bisitarira iritsi gabe zeuden abuztuan –iaz, adibidez, 1.716 izan ziren; aurten, aipatutako langa gainditu eta hilabeteko hainbat egun izan dituzte sobera–.

Bergaran ere jende asko

Bergarak ere erakartzen du turistarik uda sasoian; datu zehatzik oraindik ez, baina kanpaina ona izan den –izaten ari den– pertzepzioa bai. Ohiko bisita gidatuak egin dituzte, monumentuena eta San Pedro parrokiakoa, baina jende gehienak bere kabuz ezagutu ohi du herria, turismo bulegoko Alaia Aberasturiren arabera: "Turismo Bulegora etortzen diren gehienek bertan dugun esku-orria hartzen dute eta horrekin euren kabuz egiten dute ibilbidea; esku-orrian bi ibilbide desberdin proposatzen ditugu. Gainera, eraikuntzetan ere badaude informazio plaka batzuk. Batzuk gogoarekin geratzen dira oraindik, eta horiek bisita ere egiten dute gero".

Beste batzuk, ordea, turismo bulegotik –aurten, aurrenekoz, Errekalde jauregian– pasa ere ez: "Banatzen ditugu esku-orriak beste turismo bulegoetan, hoteletan, nekazal-turismoetan... Eta informazio horrekin Bergarara etortzen dira eta asko ez dira gugana etortzen, ze eurek badute informazioa. Kanpoan ere promozioa egiten dugunez, batzuk lanak eginda etortzen dira".

Horietako bikote bat, Consuelo eta haren senarra, Bartzelonakoak, turismo bulegotik pasatzerako herriko eraikin esanguratsuenen bila, gida eskuan: "Zortzigarren urtea da Euskal Herrira gatozena. Asko gustatzen zaigu inguru hau. Hilaren 22an etorri ginen, eta Bilbon egin genituen lau egun, eta orain Donostian gaude, eta handik egiten ditugu irteerak. Dena gustatzen zaigu hemendik, kostaldea, barrualdea, jendea, jana... Jendea oso adeitsua da, edozer galdetu eta oso ondo azaltzen dizute, oso ondo, horregatik errepikatzen dugu".

Zortzi urtean Euskal Herriko hamaika txokotan izan dira, batzutan behin baino gehiagotan: "Leku berrietara joaten gara, baina bada errepikatzen dugunik ere, hobeto ikusteko, ikusi gabe utzi ditugun gauzak eta... Gaztelugatxera, adibidez, bi aldiz joan gara, ilusioa egiten zigun berriz ere kaperara igotzeak. Oraingoan ari gara ikusten aurrekoetan ikusi gabeko barrualdeko herriak. Kostaldea ia osorik ezagutzen dugu. Bergara oso polita ari zaigu iruditzen. Garai bateko eraikinekin, eta dena oso kontzentratuta dago erdigunean; beste herri batzuetan gehiago ibili behar izaten da, baina hemen ez".

Bergaran goiza, gero Azpeitia, Azkoitia eta Tolosa, asmoa, lotara Donostiara itzuli aurretik. Senar-emazte hauen kasua ez da, beraz, baina bai Bergarako eta bai Oñatiko turismo bulegoetan zioten irudipena dutela aurten beste batzuetan baino bisitari gehiagok hartu dutela ostatu gurean; zenbaitetara deituta, hala baieztatzen dute: "Beteta" izan dutela diote Oñatiko Torre Zumeltzegi hotelean, egunetako egonaldiekin gainera; eurek gehiago "pasoko jendea" izan dutela Bergarako Ormazabalen; eta "topera" ibili direla Eskoriatzako Gorosarri landa apartamentuetan.

Leintz Gatzagan gustura

Eskoriatzan bertan abuztu hasieran egon zen herriko ondarea bisita gidatuekin ezagutzeko aukera, eta, maldan gora, Leintz Gatzagan izan ei dute Eskoriatzan ostatu hartuta zegoen bat baino gehiago, beste hainbat jenderekin batera, herria bera, Dorletako santutegia eta Gatz museoa ikusten: "Hamar lagunetik gorako taldeak izan ezean –eta batzuk izan dira–, asteburuetan egin ditugu bisita gidatuak. Baina bi zubi izan dira, San Inaziorena eta Ama Birjinarena, eta hor hiru-lau egunez egon da zabalik"; aurtengo abuztuan, "beste urte batzuetan baino jende gehiago" ibili dela Leintz Gatzagan ere, hala zioen Iñaki Agirreurretak, turismo gaiez arduratzen den zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak