Miriam Cabeza: "Badirudi, nik jakin barik, 'choni'-a oso barruan daroadala"

Txomin Madina Milikua 2014ko ira. 4a, 00:00

Mi querido Klikowsky, Vaya Semanita, Irrikitown, Euskadi Movie... irailean Cuatron estreinatuko den Gym Tony da aktore donostiarrak egingo duen hurrengo urratsa.

1. Zenbat pentsatu zenuen Gym Tony-ri baietz esan aurretik?

Data kontuengatik, hemengo ekoiztetxeak baimena ematean esan nuen baietz. Gogoa nuen: proiektu interesgarria da, eta nazio mailan oihartzuna izateko balio ahal dit. Oso itxura ona duen komedia da.

 

2. Bertan Vanessa zara, telebistako izarra izan gura duen neska.

Choni hutsa da. Horrelako pertsonaietan espezializatzen nabil; badirudi, nik jakin barik, oso barruan daroadala! Neska inuzentea da, bururatzen zaion edozer dioena, festazalea, urdanga samarra... 

 

3. Zu joaten zara gimnasiora?

Proiektu honekin ez zait besterik geratu! Egun osoan makinetan grabatzen nabilenez, neuk ere derrigorrez sasoian jarri behar izan dut benetako gimnasio baten. Gihar-minekin bizi naiz!

 

4. Miren Ibarguren, Barbara Goenaga, Marta Etura... Madrilen arrakasta duen beste donostiar bat izateko prest?

Eskerrik asko alderaketagatik! Prest egon banago, baina hau bide luzeko lasterketa da. Horretarako borrokan nabil, eta badirudi bide onetik noala.

 

5. ETBko saioetan hainbat paper egin dituzu. Zer egin ez zoratzeko?

Zoroa izatearena apur bat berezkoa dudanez... Batzuetan bada nahaspila, baina bakoitzari ukitu ezberdina ematen saiatzen naiz, jolasten; hori da dibertitzen nauena.

 

6. Jendea harritu egingo da euskara ez duzula menderatzen jakinda.

Kostatzen zait buruz ikastea, ulertu arren ez dut-eta normalean hitz egiten. Lankideek asko laguntzen didate. Euskaltegian nabil, baina zaila da umetatik ikasten ez baduzu; ausartu egin behar da, gainera. 

 

7. Ezagutzen zaituzte Ocho apellidos vascos-eko eszenagatik?

Oso eszena motza den arren, jende asko gerturatzen zait horrekin. Eta nik pentsatzen dut: "Jolin, lanean daramadan denbora guztiarekin, pare bat minutuko kontuagatik ezagutzea...". Baina pozik!

 

8. Edozein pelikulatako edozein pertsonaia aukeratu ahal bazenu...

Beti ez daukaguna gura dugu, eta pelikula intimista bat egingo nuke, dramatikoa, zinema independentea; estetika zaindua duen Amelie bezalako pertsonaia bat ere bai. 

 

9. Umetatik izan gura duzu aktore. Bainugelan Oscarraren hitzaldia entseatzen zuenetakoa zara?

[Barreak] Ezin dut ukatu, egin dut-eta! Honetan ibiltzen zen irakasle bat nuen umetan, eta haren esanek animatu ninduten. Familian uste zuten pasako zitzaidala, baina ez!

 

10. Eta nondik dator bisuteria diseinatzeko afizioa?

Amak eskulan-denda bat zuenez, gertuko mundua nuen. Lan barik nengoenean egiten nuen; jendeari gustatu, erosten hasi eta hazten joan zen. Orain, hainbeste lanekin, apur bat geldi dago; B plana da.

----------

Makila magikoa baneuka: "Zentzu komun dosi bat emango nioke mundu osoari, eta nire ingurukoendako zoriontasuna eskatuko nuke"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak