Pottoka ezagutzeko jardunaldiak egingo dituzte Arantzazun

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko abu. 26a, 10:44
Gaztetxoak pottoka orrazten

Abuztuaren 31n eta irailaren 7an egingo dira Bizi Pottoka! jardunaldiak, Arantzazuko Parketxean eta Oñatiko Pottokalekun. Bideo emanaldia eta pottoka gertutik ikusi, ukitu eta zaldi gainean ibiltzeko aukera prestatu dute. Aurrez eman behar da izena.

Aizkorri-Aratz Parke Naturala eta bertako ondare historiko eta kulturala aditzera emateko Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak, Arantzazu Parketxearen eskutik, Pottoka protagonista izango duen jardunaldi berezi hau antolatu du bigarren aldiz, Pottokalekurekin elkarlanean.

Jardunaldiak goiz bateko iraupena izango du eta bi egunetan errepikatuko da: abuztuaren 31n eta irailaren 7an. Parte-hartzaileek animalia honen historia, ohiturak, portaera, izaera, zaintza eta beste hainbat berezitasun bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Horretarako zaldien heziketan eta terapietan, ekinoterapia deritzon zientzian alegian, bertako tekniko eta adituen laguntza une oro izango dute. Oñatiko Pottokalekuko Jon Elortzaren laguntza, hain zuzen ere. 

Egitaraua

Bi zatitan egongo da banatuta:

  • 10:30ean, Arantzazu Parketxean pottokaren bizia eta baso eta mendiarekin dituen elkarrekintzak erakutsiko dituen bideo didaktikoa eskainiko dute.
  • 12:00etan, zaldiak ezagutzera joango dira Pottokalekura (Uribarri auzoa, Oñati) eta Jon Elortzaren eskutik bertako pottoken izaera, portaera, elikadura etab. ezagutuko dituzte bisitariek.

Izena eman behar da

Pertsona bakoitzeko tarifa 10€-koa da, jardunaldiaren bukaerako aperitiboa barne dagoelarik.  Lau kidetik gorako familiei %20 beherapena egingo zaie. Bai bisitariei eta baita animaliei ere kalitate eta zerbitzu ona ahalbidetzeko egun bakoitzerako 25 pertsonako muga jarri da.

Izen emateko, Arantzazuko Parketxera deitu edo idatzi behar da: 943 78 28 94 edo arantzazu@gipuzkoamendizmendi.net

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak