Monumentuak, kobazuloak, gerra kontuak, natura, txokolatearen historia… bisitari guztien eskura Debagoienean

Ubane Madera 2014ko abu. 13a, 17:08
Arrikrutzeko kobazuloa. Argazkia: Sergio Laburu.

Bergara monumentala, Gerra Zibilaren gainekoak Elgetan; Arrikrutz kobazuloak, Txokolateixia, unibertsitatea, parrokia eta Arantzazu, Oñatin; Gipuzkoako gatzaga bakarra Leintz Gatzagan, eta San Kristobaleko indusketak, Arrasaten. Horixe da, besteak beste, Debagoienak eskaintzen diena egunotan turistei, eta jakina, baita debagoiendarrei ere.

Hondartzara edo ur-lekuetara joateko eguraldiak larregi laguntzen ez duen egun hauetarako eskaintza oparoa aurki daiteke gure eskualdea den Debagoienean.

Oñati: Arrikrutz

Arrikrutzeko kobazuloek, adibidez, bisitari ugari erakartzen dituzte urtero. Arantzazu eta Araotz auzoetan, Aizkorriko mendiguneko Gesaltza-Arrikrutzeko sistema karstikoan dago gune hori. Eta egiten duten bisita
53. galerian zehar doa, ekialdeko sektorean, galeria fosila dena eta garai batean Aldaolako isurbide. Sekzio handiko galeriak azaltzen dira estalagmita konkrezio interesgarriak dituztenak. 390 metroko luzera duen galeria hau aldapan behera doa 55 metro, bataz besteko 9 graduko maldan.

Kobako ibilbide honetan zehar honako gaiak lantzen dituzte

  • - Ura eta hidrologia haitzuloaren eskultore giza.
  • - Kobaren formazio geologikoa eta honen aberastasunaren balorazioa; lurpeko erreka, estalaktita handiko galeria.
  • - Unibertso mineralaren sorrera.
  • - Aurkikuntza arkeologiko eta paleontologikoak (haitzuloetako lehoiaren eskeleto osoa, eskeleto partzialak eta pantera garezurrak...)

Ordutegia:
Abuztua: 09:30-14:30/15:30-19:00 (943 08 20 00 arrikrutz@oinati.org www.oinati.org)

Oñati: Txokolateixia

Oñatin jarraituz, berriz, eskaintza gozo-gozo bat egiteko aukera ere ematen diete bisitariei: zabaldu berri duten Txokolateixia bisitatzekoa. Garai batean Orbea txokolate etxean egon zen lekuan, Antixena parkeko beheko pergolaren aldamenean egokitu den lokala, gune ezberdinetan berezitu da. Bertan, kakaoa jatorrian nolakoa den eta elaborazio prozesuan nola eraldatzen den ikusia ahal da, herriko txokolate produktore ezberdinei eskainitako txokoa izango da eta usamenerako nahiz dastatzeko guneak berezitu dira.

Astelehenetik zapatura bisita daiteke Txokolatearen Interpretazio Zentroa, 10:00etatik 13:00etara; eta arratsaldez ere egin daiteke, beti ere, aldez aurretik abisatuta (630 43 15 49).

Oñati: unibertsitatea eta beste

Eta bukatzeko, Oñati monumentala ere ikus daiteke: Euskal Herriko lehen unibertsitatea izan zen Sancti Spiritus unibertsitatea bisitatuz edo San Migel parrokia. (Abuztuan, egunero 12:00etan eta 17:00etan; edo aurrez eskatuta: 943 78 34 53).  

Bergara: monumentala

Bergara dator eskaintza oparoenen artean ondoren. Batetik, eta egunero Bergara monumentala ikusteko aukera ematen du bertako Turismo bulegoak, "ustekabean harrapatzen duen bisita atsegina"euren eta turisten esanetan. Errekalde jauregia, Oxirondoko Santa Marina parrokia, Bereterio… moduko eraikin ikusgarriak erakusten dituzte bisita horren bitartez.

Bergara: San Pedro parrokia

Horrez gainera, zberritu eta eder asko utzi duten San Pedro parrokia bisita daiteke zapatuetan, 11:00etan. Parrokia horren inguruan jaio zen Bergara hiria XIII. mendean. Eta besteak beste, dituen aberastasunen artean, Bergarako Kristoa dago: XVII. mendeko eskultura eskola sebillarreko maisurik bikainenetakoa da Juan de Mesa eta bere eskuek gauzatutako Bergarako Kristoa, Barroko garaiak Europan eman duen eskultura-lanik gorenetakoa da aditu eta kritikari askoren ustetan.

Bergara: gune berdeak

Eta horrekin guztiarekin batera, Bergara loretan aukerak bertako gerriko berdea zein udalerriko zazpi parke eta lorategi historiko bisitatzeko eskaintza ematen du.

Bi dira lorategi historiko nabarmenenak

  • Errekalde jauregiaren lorategia: behar bada hau da hiriko lorategirik bikainena. XIX. mendean landutako proiektua da. Landare-espeziekin batera, jatorrizko ur instalakuntzak eta espazio banaketak ematen diote handitasuna: Zuhaitz ikusgarriz hornitutako lorategi ingelesa, baratzea, basoa… Lorategi bikain hau errestauratzear dago, baina bisita daiteke.
  • Irizar jauregiaren lorategia: txikia izan arren, lorategirik preziatuena dugu honako hau. Izan ere, hemen baratza bat lorategi bihurtu zen lehen aldiz Bergaran. Propio egindako hautua izan zen, XVII. mendean. Gainera, garaiko modari jarraituz, atzera begiratu eta Errenazimenduko erara egitea erabaki zuten jauregiko jabeek. Lorategi hau Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Oro¬korrean inskribatzea, Monumentu kategoriako Kultura-ondasun gisa.


Kontaktua: 943 77 91 28 (turismoa@bergara.net).

Elgeta: Gerra Zibila

Apurtxo bat gorago jo eta Elgetan, berriz, horren urruti eta oraindik argitzeke dagoen gure historia mingarriaren pasarte bat bisitatzeko aukera dago: Intxortako lubakiak. ibilbide tematikoa eginez. Aldez aurretik deitu behara dago, hori bai, egunotan bertara joateko: 943 79 64 63 / 943 71 89 11.

Gatza eta Edi Aroa: Leintz Gatzagan

Bestalde, Gipuzkoan dugun gatzaga bakarra ezagutzeko aukera ere bada egunotan: Leintz Gatzagako Gatz Museoa. Gatzaren inguruko jarduera eta gatza edo garai hartan "urre zuria· deitzen zena lortzeko modu desberdinak Gatzaren Museoan ezagutu daitezke, Dorletako Santutegitik hurbil. Eta horren osagarri, Leintz Gatzagak duen Erdi Aroko gunea eta Dorletako Santutegia bera ere bisita daitezke.

Ordutegia; astebukaeretan eta jai egunetan: 12:00 (euskaraz); 13:00 (espainolez). Eta gainontzeko egunetan aurrez eskatuta (943 71 47 46).

Arrasate: XV. mendeko baseliza

Arrasaten, berriz, egunotan hasi dituzten indusketa batzuk bisita daitezke: San Kristobalekoak. XV. mendeko baseliza baten aztarnen bila dabiltza Iraganeko Oinatzak izena duen proiektuko historialari-arkeologoak egunotan. Arrasateko San Kristobal hilerriko atzeko partean abiarazi dituzte indusketok, joan den astean. Hain justu ere, esparru horri guztiari izena ematen dion baseliza da-eta, aztertzen dabiltzana. Indusketak egin bitartean, bisita gidatuak ere egiten dituzte, bertaratzen diren guztiendako.

Arantzazu: mendia, santutegia…

Bukatzeko, mendi inguruan nahiago izanez gero, Arantzazuko Parketxean mendi ibilaldi gidatuak eskaintzen ditu Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko Interpretazio Zentroak. Eta behin inguruan ibilita, Arantzazu bera ere bisita daiteke, bi modutan: Arantzazu Santutegia bera edo Oteiza eta Arantzazu.

Ordutegia: Abuztua

  • Asteartetik zapatura: 10:00 - 14:00 eta 16:00 - 19:00
  • Domeka: 10:00 - 14:00
  • Jai-egunak: 10:00 - 14:00

 

Kontaktua: 943 79 64 63 / 943 71 89 11 (turismo@debagoiena.net)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak