Zerga bilketak utzitako emaitza positiboak nabarmendu ditu Diputazioak

Ubane Madera 2014ko abu. 12a, 15:06

Urtearen lehen zazpi hilabeteetan aurreikuspenen gainetik jarraitzen du zerga bilketak, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez. Dio zerga itunduetan uztailaren 31ra bitartean izandako bilketa metatua % 10,1 igo dela iazkoarekin alderatuta. Eta baita BEZaren, PFEZen eta Aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergaren diru sarrerak nabarmen igo direla ere. Arrasaten tokatutako loteriak ere lagundu du emaitza positibo horietan.

Zenbakitan begiratuta, zuzeneko zergen bilketa metatua % 3,8 handitu dela dio Diputazioak, baina aldiz, Sozietateen gaineko zerga % 27,5 murriztu egin dela (22,7 milioi gutxiago). Edozelan ere, gaineratu du PFEZ % 5,4 igo egin dela; eta horrenbestez, guztira, 31,8 milioi gehiago bildu dela.
Diputazioak azaldu duenez, igoeraren arrazoiak dira, alde batetik, lan etekinen atxikipenak igotzea (% 0,9) eta kuota diferentzial garbia hobetzea (19,8 milioi gehiago).

Fortuna handiekin, gehiago

Aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergari dagokionez, uztailean amaitu zen bilketa hori; eta datuen arabera, % 36,2 igo da, iazkoarekin alderatuta; bestela esanda, 16,5 milioi gehiago batu dituzte.

Loteriaren kontura

Bestalde, debagoiendar askok lagundu dute adibidez, metatutako kopuru positiboan. Izan ere, hor jasotzen da, baita ere, loteria eta apustu jakin batzuetako sarien gaineko karga berezia, Ekonomia Ituna apirilean aldatu zenez geroztik.  Foru Aldundiak 15,1 milioi euro jaso ditu atal horretan orain arte. Gogoan izan iazko abenduan loteriaren sari potoloa Arrasaten tokatu zela.

Zeharkakoa ere, gora

Bestalde, emandako datuen arabera, zeharkako zergen bilketa metatua nabarmen igo da (% 13,8), batez ere BEZaren bilakaerari esker. BEZaren zerga bilketa % 23,7 igo da-eta. Kopuru osotan begiratuta, 100,5 euro gehiago bildu dira, bai diru sarrera gehiago izan delako, bai itzulketak gutxitu egin direlako.

Datuok eskuartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak azpimarratu gura izan du "irizpide zuhurragoa" erabili izanak ere lagundu duela diru bilketak utzitako datuak positiboak izaten: "Aurreko urteetako esperientzia gogoan izanik, eta Kupoaren gaineko ezadostasunen eraginez desorekarik sor ez dadin, joan den maiatzean Gipuzkoako Foru Aldundiak aldatu egin zuen kontabilizatze irizpidea, Eusko Jaurlaritzak emandako jarraibideen arauz, irizpide zuhurrago bat aplikatuta. Arabarekiko eta Bizkaiarekiko alderaketa egingo balitz era homogeneo batean, Gipuzkoan zerga bilketaren igoera % 3,5 handiagoa izango litzateke.
Urtearen lehen zazpi hilabeteotako datuak azterturik, joera irmo batzuk antzematen dira, nahiz datuok zuhurtasunez hartu behar ditugun. Nolanahi ere, Gipuzkoako Ogasunak gero eta hurbilago du aurtengorako ezarriak diren helburuak betetzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak