Kartzela zigorrak eta Herriko Etxeen dekomisoa, 'Herriko Tabernen' auzian

Ubane Madera 2014ko uzt. 30a, 15:36
Arrasateko Irati tabernaren kanpoko aldea.

Auzitegi Nazionalak jakinarazi du Herriko Tabernen auziko sententzia. Hainbat mahaikideri hiru hilabete eta hiru urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri dizkie eta 80 Herriko Etxe dekomisatu (konfiskatu) egingo ditu. Sumario horretan sartuta daude Debagoieneko 11 lokal, tabernak eta elkarteak tarteko. Dagoeneko iragarri dituzte mobilizazioak. Gaur (eguaztena) herri guztietan; eta zapatuan, berriz, Donostian, 12:30ean, Artzain Onean. Errekurtsoa ere iragarri dute.

Izan ere, Auzitegi Nazionalaren sententzia ez da firmea, eta "hilabeteak" pasatuko dira gauzatu arte. Tartean, errekurtsoak jartzeko denbora zabaldu behar dute-eta, Ibai Redondok, Debagoieneko Sortuko ordezkariak esplikatutakoaren arabera.

Edozelan ere, sententziaren arabera, hiru urteko kartzela zigorra ezarri die Joseba Avarezi, Karmelo Landari, Joseba Permachi, Rufi Etxeberriari eta Juan Kruz Abasolori, ETAko kide direlakoan, Berriak jakitera eman duenez.

Urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri die, berriz, Floren Aoizi, Jon Gorrotxategiri, eta Antton Morcillori.

Eta urtebete eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri die, berriz, Enrike Alañari, Bixente Enekotegiri, Jaione Intxaurragari, Jose Luis Francori, Maite Amezabari, Juan Ignacio Lizasori, Jon Martinezi, Patxi Bengoari, Idoia Arbelaitzi, Agustín Rodriguezi, Izaskun Barbariasi eta Ruben Andresi, Herriko Tabernak baliatuta, ETA finantzatu dutela egotzita.

Gainontzekoak absolbitu egin ditu.

Debagoieneko lokalak

Lokalei dagokienez, zehazki gure eskualdekoak aintzat hartuta, honakoak daude 35/02 sumarioan sartuta. Arrasaten, Irati taberna, Arrano elkartea eta beste hiru lokal; Bergaran, Arrano taberna, Artatse elkartea eta beste lokal bat; Arrano taberna eta elkartea eta hirugarren lokal bat, Oñatin: horiek dira 35/02 sumarioaren epaiketaren emaitzaren arabera era bateko edo besteko etorkizuna izango duten ondasunak –Debagoienean; Euskal Herri osoan 110 elkarteren ondasunak dira denera.

Epailearen arrazoiak

Herriko Tabernak eta gainontzeko elkarteak konfiskatzeko epaileak emandako arrazoia honakoa da, Naiz komunikabideak dioenez: "ETAK kontrolatutako MLNVri ematen zioten zerbitzu finantzarioez gainera, bandaren fronte militarrak kontrolatutako KAS/EKIN, Jarrai/Haika Herri Batasuna eta Amnistiaren Aldeko Batzordeak moduko elkarte sateliteei ekintzak egiteko azpiegitura logistikoa eskaintzen zieten, eta horrekin batera, kale borrokarekin lotutako materiala eta propaganda biltzeko base ere baziren".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak