'Aulki Hutsak' dokumentala, Debagoieneko liburutegietan

Ubane Madera 2014ko uzt. 28a, 15:20

Heriotza eta dolu prozesuari buruzko 'Aulki Hutsak' izeneko dokumentala gure eskualdeko liburutegi guztietara iritsi da, DVD eran. Iñaki Peña medikuak eta Arteman Komunikazioak koprodukzioan egindako lana da ikus-entzunezko hori. Gure eskualdeko liburutegietan banatzeaz gainera, Gipuzkoako guztietan banatu dute dagoeneko, eta Bizkaikoetan, Arabakoetan eta Nafarroakoetan ere banatu gura dute.

"Pentsatu genuen ahalik eta jenderik gehienarengana iristea komeni dela (…) Egin ditugun aurkezpenetan, beti ere gure lankideen artean-eta (osasun arloko profesionalak), ikusi dugu interes handia dagoela, eta harrera oso ona izan du dokumentalak. Baina guztiok dugu aulki hutsen bat etxean edo inguruan. Jende asko ez da animatzen horri buruz berba egiten, baina beste batzuk alderantziz: aspalditik ikusteko gogoa nuen… esan izan digute".

Bada, pentsatu eta egin. Iñaki Peña medikuak azaldutako arrazoiak aintzat hartu, eta Hego Euskal Herriko liburutegi publiko guztietan ("edo ia guztietan") Aulki Hutsak dokumentalaren ale bana eskuratu ahalko da aurrerantzean.

500 ale orain

Helburu horrekin, 500 ale argitaratu dituzte lehen edizio batean. Eta baita banatu ere, Debagoieneko liburutegi publikoetan, besteak beste."Herri handienetan udan ere eskuratu ahalko da, liburutegiak zabalik daudelako; herri txikiagoetan, berriz, baliteke oraindik DVDz iritsi ez izana, itxita daudelako. Baina irailerako bertan izango dira", esan du dokumentalaren zuzendari Peñak.

Lehen edizioaren aleak banatzen bukatu barik egon arren, dagoeneko bigarrena atera behar dutela argi dute egileek, akats batzuk tarteko: "Katalanezko azpitituluekin akats batzuk egin ditugu eta bigarren edizioan akatsak zuzenduko ditugu", azaldu du Peña medikuak.

Elkarteei ere bai

Liburutegietan banatzeaz gainera, doluaren inguruan lan egiten duten elkarteei, eta interesa duten gainontzeko elkarteei ere emango diete Aulki Hutsak DVD-a. Adibidez, "erizainen kolegioetatik eskatu egin digute. Insistitu egin zuten. Tailerrak egiteko eta… ", esplikatu du Iñaki Peñak.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak