Komunikabideek diotenez, administratzaile konkurtsalak CNAren eskaintza gomendatzen du: eskaintza ekonomiko onena egin duelako, lanpostu gehien eskaintzen dituelako eta perimetro osoa hartzeko gertu dagoelako, hau da, unitate produktibo eta negozio-lerro guztiak. CNAk 42,5 milioi euro ordainduko lituzke, eta lehenengo urtean 705 enplegu zuzen sortuko lituzke.
Administratzaileak atzo, eguaztena, idatzi bat egin zuen epaileari bidaltzeko. CNA eta Cevitalen eskaintzen balorazioa egin zuen han.
CNAk Fagor Etxetresnen perimetro osoa hartu nahi du, eta Cevitalek, berriz, bakarrik Garagartza, Eskoriatza eta Bergarako lantegiak, eta Aljeriara eraman nahi ditu garbigailu, ontzi-garbigailu eta hozkailuen ekoizpen-negozioak.
Zentzuzkoena da epailearen erabakia administratzaile konkurtsalaren gomendioen bidetik joatea. Erabakia hartzeko epea uztailaren 29an bukatzen da. Fagor Taldeak uztailaren 29rako espero du erabakia.
Autoa egindakoan, aldeei jakinarazi behar die epaileak erabakia, eta aldeek bost egun dituzte errekurtsoa ipintzeko.
Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, Arantza Tapiak, Fagor Etxetresnak enpresa "berriaren" jarduera irailean berriz hastea espero duela esan du.