Piñoi finkodun bizikletak, herrigune barruan eta gauez: badator Kantoikrit

Xabier Urzelai 2014ko uzt. 18a, 10:00

Badator bailara honetan gauez egiten den kirol hitzordu ikusgarrienetako bat, Eskoriatzako Gabez Takarraran probaren baimenaz. Izan ere, bihar 22:00etan 30 txirrindularitik gora abiatuko dira ziztu bizian Oñatiko kaleetan zehar egindako zirkuituan –gehienez 50 lagunendako tokia gorde dute, eta eguaztenean 36 lagunek emana zuten izena.

Ziklistek, gainera, fixed bizikletak erabiliko dituzte, piñoi finkoaz eta galga barik: "Halako bizikletak erabiltzeko gurean geroago eta zaletasun handiagoa dago", diosku Antton Zubiak, antolatzaile taldeko kide dena. 

Hala, orain arte fixed lasterketa Surf festa barruan egon da, oraingo asteburuan, berriz, erabateko protagonismoa hartuko du: "Oso pozik antolatu dugu proba hori Surf festaren barruan, baina zein harrera ona izan duen ikusita eta bizikletaren inguruan zerbait gehiago egiteko asmoarekin, atera egin dugu lasterketa hori surf festatik, eta Kantoikrit izena jarri diogu. 

Kanpoko jende asko dator 

Aurreratu moduan aste barruan 36 lagunek emana zuten izena, eta horietako 15 ziren oñatiarrak: "Euskal Herrikoez batera Kataluniatik, Madrildik, Asturiastik, Burgostik... etorriko da jendea, baina ziklista frantziarrak eta alemaniarrak ere badatoz". Kantoikrit hazten dabilen seinale, horrenbestez.

Hala, bihar 22:00etan hasiko duten lasterketa Oñatiko herri gunean egingo dute osorik. Kilometro eta erdi du zirkuituak, eta guztira 13 itzuli egingo dituzte ia 20 kilometroko lasterketa egiteraino. Proba azkarra izango da, 22:45ean sari banaketa egingo dutelako, eta ondoren kontzertuak izango dira gaua girotzeko: Bitz eta Gora Gora Kids taldeekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak