Donostiako epaitegian batu dira Ordaindukoak epaileari eskaeren berri zuzenean emateko

Jon Berezibar 2014ko uzt. 17a, 10:44
Argazkia: Kiko Martinez.

Mondragon Taldetik jaso duten "gutxiespena" salatu, erantzukizuna exijitu eta "bizitza osoko aurrezkien desagerpena" ez dutela onartuko aldarrikatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur 11:00etan Ordaindu taldeko kideek Donostiako Justizia Jauregi aurrean. Malagon epaileari eskura eman diote euren eskaerak jasotzen dituen orria.

Fagor Etxetresenak zenaren konkurtsoa kudeatzen dabilen epaitegian bertan egin dute gaur elkarretaratzea Ordaindu plataformako kideek. 11:00etan izan da hori eta bertan prozesuaren arduradun den Pedro Jose Malagon epaileari euren salaketa eta eskaerak jasotzen dituen dokumentua eman diote eskura. "Justizia" eskatzen diote, diotenez korporazioak erakutsi dien "mespretxua" salatuz. 700 hartzekodun direla diote taldekoek eta korporazioak guztira 40 milioi euro zor dizkiela.

 

Epaileari luzatuko dioten agiria:

"Hemen gaudela esateko eta gure kezken eta helburuen berri emateko, kooperatibetako aurreztaileen/hartzekodunen izenean Justizia Jauregiaren aurrean biltzen ari gara. Gure lanaren eta aurrezkien bidez, Fagor Electrodomesticos eta beste kooperatiba batzuk garatzen lagundu, lanpostuen sorrera bultzatu eta Mondragon Korporazioaren kooperatiba-proiektua bera ere ahalbidetu genuenok gure ahotsa altxarazi nahi dugu, Administrazio Konkurtsalak entzun eta inork bazterrean ahantzita utz ez gaitzan.
 
Aurretiaz, 2013ko urrian, gure ustez traumatikoa eta okerra izan zen erabaki baten bidez, Fagor Electrodomesticoseko eta Mondragon Korporazioko (MCC) zuzendaritzek Hartzekodunen Konkurtsora eraman gintuzten. Izan ere, MCCk Fagorrentzako bideragarritasun-plana eta erreskatea bultzatu izan balu, gaur egun Espainiako edo nazioarteko enpresei eskaini nahi zaizkien jarduerari eta lanpostuei eusteko aukera egongo zen. Aitzitik, nahiago izan zuten jarduera hori alboratu, gaur egun diru gutxiegi irabazten duelako ustean, kontuan hartu gabe hainbat eta hainbat langile, aurreztaile txiki, bazkide eta erretirodun babesgabe utzi eta porrotera, porrot ekonomikora eramango zituztela.
 
Gaur egun, oraindik ere, bazkide gehienek eta gizarteak oro har, ez dakite zein izan ziren Konkurtsora jotzeko benetako arrazoiak.

Atzo MCCk gutxietsiak eta alboratuak izan ginenok justizia eskatzen diegu administrazio konkurtsalari eta merkataritza alorreko epaileari. Ezin da onartu lanean emandako bizitza osoko aurrezkiak desagertzea, kooperatiba egokiaren izenean jarri ez direlako eta tartean amarru juridikoak egon direlako.

Atzo MCCk gutxietsiak eta alboratuak izan ginenok erantzukizunak eskatzen ditugu.

Ordaindun 700 hartzekodun baino gehiago gara, eta 40 milioi euro zor zaizkigu guztira. Agerian dagoenez, borrokatzea baino ez dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak