Opor eta eguzki gose, hondartza da uda pasatzeko aukera nagusia

Irati Goitia 2014ko uzt. 8a, 12:00
Turkian, Kapadozian, globoak hegan.

Kroazia, Kanariar Uharteak, Lekeitio.... Nora joan oporretan? Batzuek erabakita izango dute dagoeneko. Beste batzuek, berriz, azken unera arte itxarongo dute euren hautua egiteko. Bada, oporraldia antolatzeko aukerak hainbat dira; adibidez: bidaia agentzietara edo gazte bulegoetara joatea edo Internetez egitea.

Hondartza gosez 

Debagoieneko asko eta asko kostaldera joango dira. "Familiak, batez ere, Kanariar edo Balear uharteetara edo kostaldera joaten dira", adierazi du Marijo Alutizek, Arrasateko Eroski Bidaietako bulegoko arduradunak. Hala ere, denetarik dagoela zehaztu du: Kroazia, Errumania, Grezia, Maia Erribera... "Bidaia luzeak gelditu egin dira. Egun, gehiago egiten dira distantzia ertainekoak: irletara edo itsasaldera. Edo bestela, Europara", esan du Alaine Arruabarrenak, Bergarako Barcelo agentziako langileak.

Egungo aukera zabalagoa dela ere badiote biek ala biek. "Helmuga berri gehiago sortzen dabiltza; adibidez, Uzbekistan ere badugu. Errumania lehen ez zen horrenbeste saltzen eta orain modan dago. Lehen zegoen sota, caballo, rey, eta orain, oso aukera zabala dugu", dio Alutizek. Hala ere, gehienek hondartza ingurura joan nahi izaten dute udan. "Hondartza tokiek indar handia dute oraindik eta askok eskatzen duten zerbait da, baina askok bilatzen dute baita konbinazioa ere. Hau da, egun batzuetan turismo pixka bat egitea eta beste egun batzuetan hondartzara joatea. Aukera bikoitz hori eskaintzen dute, adibidez, Turkiak, Kroaziak, Siziliak eta Sardiniak. Azken hori, gainera, aurten asko ugaritu den eskaera da", gehitu du Arruabarrenak.

Eskaintzak hartzeko, aurretiaz 

Eta noiz komeni da erreserbak egiten hastea? "Kanariar Uharteetara joaterako orduan oso garrantzitsua izan ohi da familientzat umeen plazak dohainik lortzea, eta horretarako denborarekin ibili behar da. Lehen erreserbak egiten dituztenak saritzen dituzte prezio onenekin, deskontu handienekin edo umeak doaneko eskaintzekin, adibidez. Azken unera arte itxaroten baduzu, ez duzu horrelakorik lortuko", zehaztu du Alutizek. Hala, udan zer egin nahi duten argi dutenak garaiz ibiltzen direla gaineratu du. Otsailean joan omen zitzaizkien lehen bezeroak udako oporrez galdezka. Hala izan da Bergarako Barcelon ere. Eta Arruabarrena ildo beretik mintzatu da: "Gauzak oso garbi dituztenak otsailean etortzen dira. Izan ere, hegazkina hartu behar badute, adibidez, zenbat eta lehenago erosi, orduan eta merkeagoak izaten dira txartelak, normalean. Gainera, urteak dira aurretiazko erosketa saritzen hasi zirela". Beraz, azken uneko eskaintza gero eta gutxiago daudela argi utzi dute. "Orain ez da lehen bezala. Lehen, akaso, azken unera arte itxaroten zenuen, baina orain eskaintzak aldez aurretik egiten dituzte. Gerta daiteke kasualitatez bi plaza geratu izana eta horiek eskaintzea azken unean, baina horiek lortzea oso zaila izaten da", dio Alutizek. Bestalde, azken orduan dabiltzanak ezin direla exijentziekin ibili ere badio Arruabarrenak: "Ezin dute eskatu, adibidez, abuztuaren 8an Lanzarotera joan nahi dutela. Jarrera zabalarekin etorri behar dute: irteera izan daiteke egun batean edo bestean, astebeteko egonaldia edo lau egunekoa, edo dagoen hotelaz konformatu behar dute". Beraz, gomendioa da denboraz ibiltzea.

Bestelako iturri eta oporrak

Bidaia agentziez gain, badira oporrak planifikatzeko beste bide batzuk ere. Internet edo bidaia-liburuak izan ohi dira informazio iturri handia. Horretaz gain, Gazte Bulegoetan ere ematen dute laguntza. Arrasateko Gazte Bulegoko Dorleta Kortazarrek honako webgune hauek aholkatzen ditu bidaia planifikatzeko: www.mochileros.org, www.viajeros.com eta www.cuentatuviaje.net. Bulegoan bertan ere badute informazio ugari. [Ikus goiko elkarrizketa]. 

Bestalde, egonaldian aurreztu nahi dutenendako aukerak izan daitezke besteren etxeetan lo egitea (www.couchsurfing.org) edo etxea trukatzea (www.intercambiocasas.com). Eta esperientzia berri baten bila dabiltzanentzat, gobernuz kanpoko erakundeek opor solidarioak eskaintzen dituzte. Adibidez, Arrasateko Harreman-ek Afrikable-ren bitartez. Hein batean, asko eta asko dira oporraldia era batera edo bestera igarotzeko aukerak.

Irteera operazioa 

Ugari dira baita bidaiatzeko moduak ere: hegazkinez, trenez, autoz... Hain zuzen, errepideetan izaten den dentsitatea kontrolatzeko zirkulazio operazio berezia jartzen da martxan. Zehazki, ekainaren 27an hasi zen eta irailaren hasieran amaituko da. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren estimazioen arabera, udako operazioan 3.300.000 ibilgailuk zeharkatuko dute EAE –tokiko joan-etorriak barne–. Aurreikuspenen arabera, nazioarteko zirkulazioa 1.675.000 ibilgailukoa izatera hel daiteke. "Aste Santuak balio izan zuen espero daitekeen zirkulazio-intentsitatea neurtzeko. Horrenbestez, iaz baino zirkulazio handiagoa jasango dugulakoan gaude. Albiste ona da, baina egoera hori izanik, erne egon behar dugu: arduraz jokatu eta zuhurtziaz gidatu", adierazi zuen Trafikoko zuzendari Garbiñe Saezek udako operazio bereziaren aurkezpenean. Eta gaineratu: "Gozatzeko, funtsezkoa dugu autoa hartzean zuhurtziaz eta pazientziaz gidatzea". Uztaileko azken asteburuan eta abuztuko lehenengoan pilatuko omen dira ibilgailu mugimendu gehienak. Zehazki, auto gehien irtengo den asteburua abuztuko lehena izango dela aurreikusten da, 1etik 3ra artekoa.

Bestalde, Istripuak Stop elkarteak Joan, itzuli eta bizi izeneko kanpaina jarri du martxan, gidariak kontzientziatzeko helburuarekin. Joan den asteburuan gauzatu zuten kanpaina EAEko hainbat gasolindegitan eta gidariei hamar aholku eskaini zizkieten. [Ikus ezkerreko taula]

Bertako altxorra

Eskaintza turistikoaz gozatzeko, baina, ez dago urruti joan beharrik. Izan ere, Debagoienean geldituta ere, badira disfrutatzeko aukerak. Bergaran bisita gidatuak egongo dira herriko monumentuak eta San Pedro parrokia ikusteko. Elgetan, Intxortako ibilbide tematikoa egiteko aukera egongo da. Eskoriatzan, Ibarraundi museoa irekita egongo da. Leintz Gatzagan, gatz museoa, Erdi Aroko gunea eta Dorletako santutegia ezagutzeko eta mendi ibilbide gidatuak egiteko aukera eskainiko da. Oñatin, Sancti Spiritus unibertsitatearen eta San Migel parrokiaren gaineko azalpenak emango dituzte bisita gidatuetan, Arrikrutz kobetan barneratzeko aukera egongo da, Arantzazuko santutegian bisitak eta Arantzazuko parketxeko eskaintzaz disfrutatu ahal izango da.

Beraz, hemen edo han, badira gozatzeko hainbat aukera. Norberak gustukoen duena aukeratu beharko du.

----------

Etxean arazoak saihesteko 

 Etxea garbi utzi, intsektu, parasito eta karraskaririk ez sartzeko.

 Ihesak saihesteko, itxi ur, gas eta bestelako energia irteerak.

 Elektrizitatea moztu (hozkailua eta frigorifikoa hustu). Bestela, deskonektatu aparailu elektronikoak.

 Etxeko leiho eta terraza guztiak itxi.

 Ez utzi dirurik metalikoan, txartelik, bitxirik edo artikulu baliotsurik etxean.

 Balio handiko objektuen erreferentzia zenbakia apuntatu (ordenagailua, audio eta bideo aparailuak...). Baliagarria izango da lapurreten kasuan, berreskuratzeko.

 Konfiantzako norbaiti erregulartasunez etxea bisita dezan eskatu.

----------

Istripuak Stop elkarteak gidariei ematen dizkien gomendioak 

1. Ibilgailua, pneumatikoak, argiak, eta abar berrikusi.

2. Bidaiari guztiek eraman behar dute gerrikoa, buru-eskuarria ondo jarrita, eta motorrean badoaz, burua ondo babestuta kaskoarekin.

3. Deskantsatuta gidatu, prisa barik, garrantzitsuena heltzea da-eta.

4. Seinaleak errespetatu eta beti mantendu segurtasun tartea.

5. Abiadura kontrolatu eta jaitsi zorua bustita badago.

6. Arreta handiagoarekin gidatu bigarren mailako errepideetan.

7. Hartu atseden bi orduan behin edo 100 kilometroan behin. Kontuz medikamentuekin, nekearekin eta distrakzioekin.

8. Ez kontsumitu alkoholik eta ez egin jatordu ugaririk.

9. Arriskuarekiko kontzientzia izan. Zuhurtziarekin, zirkulazioan elkarrekin bizi gaitezke. 

10. Errespeta itzazu arauak, errespeta zaitzaten.

----------

Dorleta Kortazar (Arrasateko Gazte Bulegoa): "Ematen dugun gomendio nagusia da segururen bat ateratzea; adibidez, Europako Osasun Txartela"

Gazte bulegoetan udako oporraldia antolatzeko laguntza eta aholkuak eskaintzen dituzte.

Zer motatako informazioa eskaintzen duzue? Hemen bidaiateka bat dugu. Urtero eskatzen dugu toki ezberdinetako informazio turistikoa, eta bidaltzen dizkigute foiletoak, mapak, ostatuen gidak... Egia da egun Interneten informazio asko dagoela, baina oraindik orain jendearentzat lagungarri izaten da paper formatuan izatea mapak edo ibilbide ezberdinak, adibidez. Interneteko helbide interesgarrien erreferentzia ere ematen dugu. 

Zeintzuk izan ohi dira ematen dituzuen gomendio nagusiak? Nagusia izaten da segururen bat ateratzea. Adibidez, Europako Osasun Txartela Europan bidaiatu behar baldin badugu. Oso praktikoa eta komenigarria delako zerbait gertatzen denean. Osakidetzako txartela daukan edonork atera dezake eta beharrezkoa da Europan osasun zerbitzu bat erabili gura baldin badugu. Gizarte Segurantzako bulegoetan oso erraz egiten da. Aurretik eginda baldin badaukagu, on line eskatu behar dugu. Momentuan egiten den tramitea da, eta doakoa. Beste aukera bat Gazte Txartela da; izan ere, bidaia asegurua du txertatuta. Horretaz gain, aholkatzen dugu oso toki turistikoetara baldin badoaz, lehen egunetarako ostatua hartuta izatea. Bestalde, interesgarria izaten da bidaiarien blog ezberdinetara sartzea euren esperientziak ikusteko. Hein batean, informazio hori praktikotasunean oinarrituta dago, gida ofizialetatik kanpo.

Badaude beste txartel batzuk ere: aterpetxe, irakasle edo irakasle txartela, adibidez. Bai; txartel horiek hemen bulegoan bertan egiten ditugu. Aterpetxe txartelak mundu mailako Youth Hostel International sareko aterpetxeetan lo egiteko aukera ematen digu eta hemen egin daiteke. Horretaz gain, ikasle edo irakasle txartelak ere bertan egiten ditugu. Momentuan egiten dira eta udara begira norbaitek atera nahi badu hauetako txartel bat, gure zerbitzuetatik pasatu eta momentuan egingo dugu. Aterpetxe txartelak bost euro balio du 30 urte artekoentzat eta 11 euro helduagoentzat. Ikasle txartelak sei euro balio du eta irakaslearenak, zortzi euro. Aukera dago bulegoan bertan bankuko txartelarekin ordaintzeko. Beraz, etorritakoan eskaera egin, ordaindu eta txartela momentuan jasoko lukete interesatuek.

----------

Jose Antonio Espinosa (Arrasate): "Salamancara goaz. Nire emaztearen gurasoak hangoak dira, eta hara goaz. Lehen, Andaluziara joaten ginen, baina orain, Salamancara. Hamabost egun egingo ditugu abuztuan. Tokatzen dena eta ahal dena".

----------

Manoli Cruz (Arrasate): "Seguruenez, joango gara, baina oraindik ez dugu dena erabakita. Hala ere, badugu nora joango garen ideia: Madrilera, alabaren etxera. 15 egunerako edo gehiagorako joango gara. Udan beti joan ohi gara norabait".

----------

Jose Ramon Belastegi (Arrasate): "Lekeitiora joango gara. 40 urte baino gehiago dira hara joaten garela. Gero, abuztuan, Oviedora goaz. Kasu horretan, koinatuak antolatzen du guztia; beraz, guk ordaindu eta disfrutatu besterik ez dugu egin behar".

----------

Maria Reyes (Arrasate): "Asturiasera goaz. Zilarrezko ezteiak ditugu 9an, eta, urrun joanez gero, gaizki ibiliko ginateke itzultzeko. Bestalde, ezin dut eguzkirik hartu eta gauzak ikusteko aukera ematen du. Joan den astean hartu genuen".

----------

Patrocinio Anguas (Arrasate): "Aurten Extremadurara goaz; ni han jaio nintzen. Aitaitaren etxea dugu han eta bertan emango ditugu abuztuko egun batzuk. Baliabide askorik ez dugunez, merkeen irteten den tokira joan behar...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak