goiena.eus

Munduko 200 aditutik gora, Oñatiko Lege-Soziologiako Erakundearen 25. urteurrenean

  Hezkuntza  Debagoiena  Oñati

Oñatiko Lege-Soziologiako Nazioarteko Erakundearen 25. urteurrena ospatzen dabiltza aurten eta asteon egingo dute ekitaldi nagusia: nazioarteko kongresua. Gaur eman diote hasiera kongresuari eta egubakoitzera bitarte, munduko 200 aditu baino gehiagoren topaleku izango da. Goizean egin dute kongresuaren irekiera ekitaldia Sancti Spiritus unibertsitatean. Bertan izan da, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria.

Lege-Soziologikoaren nazioarteko kongresuaren irekiera ekitaldian hainbat instituzietako ordezkariak izan dira, besteak beste: Iñigo Urkullu, Lehendakaria; Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea; Iñigo Lamarka, Arartekoa; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendaria eta Mikel Biain, Oñatiko alkatea.

Elkarlana

Ordezkari guztiek azpimarratu nahi izan dute Oñatiko Lege-Soziologiako Nazioarteko Institutuaren sorreran instituzioen arteko elkarlanak izan zuen garrantzia. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren eta International Sociology Associationen elkarlanaren emaitza izan zen institutua. "Elkarlanean sortu zen institutu hau. Hitzarmen bat egin zuten Soziologia Juridikoko Nazioarteko Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak. Institutua abian jartzeko, baina, beste erakunde eta hainbat pertsonak ere hartu zuten parte, hala nola: Oñatiko Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak", adierazi du Lamarka, Arartekoak.

Nazioarteko Lege-Soziologiako Institutuaren emaitzak ikusgarriak direla ere aipatu du Lamarka Arartekoak. Datuak ere eman ditu: 25 urte hauetan 400 jardunaldi baino gehiago antolatu dira, 15.000 ikertzaile inguru erakarri ditu eta 54 herrialdetatik etorritako 400 ikaslek baino gehiagok egin dute Nazioarteko Lege-Soziologiako Masterra.

Mikel Biain Oñatiko alkateak ere institutua erreferente bilakatu dela adierazi du, baina 25 urtean asko erein behar izan dela nabarmendu: "Udalak, Aldundiak eta Jaurlaritzak asko erein behar izan zuten proiektua aurrera ateratzeko, eta horrelakoetan gertatzen den bezala, fruituak luzera lortzen dira. Hain zuzen, egun, garai hartako uzta jasotzen gabiltzala esan daiteke".

Gizartean eragina

Urkullu lehendakariak, bestalde, soziologia juridikoak gizartean izan dezakeen eragina nabarmendu du: "Soziologia juridikoak baliabideak eman behar dizkigu garai berrien eskaerei aurre egin ahal izateko. Trantsizio unea bizi dugu eta benetan uste dut soziologia juridikoak etorkizuneko aldaketak eta beharrak iragartzera ausartuz egingo duela ekarpena, eta ez iragana azalduz".

Hala, Urkulluk konstituzio aldaketa jarri nahi izan du adibide bezala. Esan du 2011ko abuztuan alderdi popularrak eta sozialistak Espainiako Konstituzioa bi astean aldatu zutela. Eta une hartan bertan proposatu zutela Estatuaren errealitate plurinazionala onartuko lukeen aldaketa. Euskadin argi eta garbi errotutako dagoen eskaera, bere esanetan. Gaineratu du, baina, eskaera ez dela bideratu eta auziak ez duela konponbiderik izango, zuzenbideak gizarteari kasu egiten ez dion bitartean. Horrela, baloreak egun bizi dugun errealitatera egokitzeko soziologia juridikoan sinesten duela esan du eta horrelako institutu bat Oñatin izatea herria egiteko aukera dela.

Kongresuan, 200 aditu

Irekiera instituzionalaren ostean ekin diote kongresuari eta egubakoitzera bitarte hainbat gai landuko dituzte. Sancti Spiritus unibertsitatea izango da kongresuaren zentro, baina emanaldiak egingo dira baita udaletxean, kultura etxean eta Pake-Lekun.

Kongresuaren helburua da institutua inguratzen duten nazioarteko, lurraldeko eta bertako komunitateen artean sortzen diren sinergien ispilu izatea.  Nazioarteko 200 aditu baino gehiago batuko dira Oñatin, kongresua dela-eta.

Erantzunak

Erantzuna | #1

Artikuluak idazterakoan pare bat aldiz irakurtzea komeni da:

"Bertan izan da, besteak beste, Lehendakari Iñigo Urkullu."

Iñigo Urkullu Lehendakaria izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa