Mugikorrendako aplikazio berritzailea Intxortan gertatutakoak ezagutarazteko

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko ira. 26a, 16:57

77. urteurreneko ekitaldi sortarekin batera aurkeztu dute gaur, eguena, Elgetan. Euskarri berriak Elgeta Memoria du izena eta, horren bitartez, aurrerantzean nork bere kabuz egin ahalko du ibilbide tematikoa.

Urte honetarako eta memoria historikoarekin lotuta bi ekintza nagusi zituzten aurreikusita Elgetan: bata Intxortako borrokaldien inguruan apirilean egindako errekreazioa, eta bestea gaur aurkeztutako aplikazioa.

Euskarri berriak Elgeta Memoria du izena. Mugikorrendako da, doan da eta hiru hizkuntzatan erabil daiteke. "Aplikazioaren ezaugarri nagusia da oso berritzailea dela. Batetik, gerraren inguruan egiten den lehenengo aplikazioa da, eta bestetik turismoaren alorrean NFC teknologian hedapen gehien duen aplikazioa da", azaldu du Turismo teknikari Iraitz Lazkanok. "Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez erabil daiteke, eta 12 interesguneei dagozkien azalpenak aplikazioan entzun edo jaitsi daitezke. NFC zein QR kodeen bidez eskura daiteke bai iOS zein Android sistema eragileendako. Gainerako sistema eragileendako elgetamemoria.com helbidean dago eskuragarri", esan du.

Batura Mobile Solutions enpresak egin du aplikazioa, eskaintzen duen informazioa Intxorta 1937 kultur elkartearen parte-hartzearekin osatu dute eta proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren zein Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jaso du; 15.700 euroko inbertsioa suposatu du.

Elgetako alkate Oxel Erostarberen esanetan, pauso garrantzitsua da: "Intxortako batailaren inguruko informazioa modu berritzaile batean eskaintzen zaio bisitariari, eta aurrerantzean nork bere kabuz egin ahalko du ibilbide tematikoa. Gainera, Elgetaren bestelako baliabide turistikoen berri ere ematen du".

77. urteurreneko ekitaldiak

Urrian beteko dira 77 urte gudariek eta milizianoek Intxortan frankistak gelditu zituztela. Urteurreneko ekitaldien barruan kokatu behar dugu aplikazio berriaren aurkezpena. Ekitaldian izan dira Elgetako alkate Oxel Erostarbe, Turismo batzordeko buru Patxi Basauri, Turismo teknikari Iraitz Lazkano eta Intxorta 1937 kultur elkarteko Julia Monge. Bertan izan dira baita ere Intxorta 1937 kultur elkarteko Juan Ramon Garai eta Batura Mobile Solutions enpresako ordezkari Gotzon Arzelus.

Aurkezpena 77. urteurrenerako prestatutako ekitaldi sorta ezagutzera emateko baliatu dute: Condor Legioak Gernikaren suntsipenean izandako parte-hartzearen inguruko erakusketa eta hitzaldia —urriak 2—, Bergara 1936, gerra eta errepresioa ikus-entzunezkoaren emanaldia —urriak 3—, edo Consejo de guerra contra el clero vasco delako liburuaren aurkezpena —urriak 8—.

Kalteak Asentzion

Salaketak ere bere tokia izan du gaurko agerraldian. "Salatu gura genuke oraingo astean bertan ezezagun batzuk Asentzioko panelaren kontra egindako erasoa, izan ere, panela apurtu eta eraman egin dute", esan du Oxel Erostarbe alkateak. "Ez da lehenengo aldia urteurrenaren inguruan horrelakoak pasatzen direla. Espero dezagun berriro ez gertatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak