Foru Aldundiak 940.000 euro bideratuko ditu hondakinak birziklatu eta prebentzioa sustatzera

Goiatz Arana Begiristain 2013ko mar. 5a, 18:08

Diputatuen Kontseiluak hiri hondakinak birziklatzeko proiektuentzako diru-laguntzak onartu ditu gaur, martitzena: 450.000 euro, guztira. Mankomunitate eta udalerriek eska ditzakete diru-laguntzok. Helburua da "udalerri eta mankomunitate horiek sistema hori hobetzea eta birziklapen tasetan aurrera egitea". 490.000 euroko beste diru-laguntza ildo bat ere onartu dute gaurko saioan.

Hiri hondakinen sorrera prebenitzeko eta haien berrerabilpena sustatzeko proiektuentzako da 490.000 euroko diru-laguntza, eta arlo horretako sentsibilizazio eta komunikazio kanpainak laguntzea ere aurreikusi du. Udalek, mankomunitateek eta elkarteek aurkez ditzakete proiektuak.

Iaz prebentzioarekin eta berrerabilpenarekin lotutako 29 proiektu lagundu zituen Foru Aldundiak, gehien-gehienak konpostajea sustatzea helburu zutenak; Eskoriatzako Udalak auzo-konpostatze gunea jarri zuen martxan, esaterako.

Bi diru-laguntza ildo horien bidez, Foru Aldundiak 940.000 euro bideratuko ditu aurten birziklapenarekin eta prebentzioarekin lotutako proiektuetara.

Larraitz Ugarte Foru Aldundiko bozeramaileak esan duenez, “prebentzioarekiko eta birziklapenarekiko kontzientzia areagotzen ari da gure lurraldean; horren adierazgarri, iaz nabarmen igo ziren diru-laguntza hauetarako eskaerak, eta beraz, Aldundiak konpromiso honekin jarraituko du”.

Hondakinen esperientzia, Europako Parlamentura

Larraitz Ugartek gogorarazi du, bestalde, etzi, eguena, Gipuzkoako ordezkaritza bat Europako Parlamentura joango dela, hondakinei buruzko mintegi batera, gure lurraldean egiten ari den kudeaketaren berri ematera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak