Oñatiko Madalena auzoko lanek atzeratuko dute bidegorria

Imanol Gallego 2013ko mar. 4a, 09:07

Oñatiko Madalena auzoko gasolindegiaren inguruko tunelean ur-sarrera handi bat aurkitu dute eta lanak moteldu egin dira horren ondorioz. Osterantzean, Oñati eta Arrasate arteko bidegorriko lanak bide onetik doaz, baita Elorregiko errepide azpikoak ere.

Badira zenbait hilabete Foru Aldundiak Arrasate eta Oñati bitarteko bidegorria egiteko ardura hartu zuela. Orokorrean bidegorriaren zatirik handiena eginda dagoen arren, Epele-Elorregi arteko tunelen egokitzapenak falta dira oraindik, eta baita Elorregiko biribilguneko eta Madalena auzoko tuneletako hainbat lan ere.

Azken pasabide honetako lanak martxa onean joan ostean, aste honetan, egiten ari diren tunelaren hormetako batean ur-sarrera batekin egin dute topo eta, langileen hitzetan, "ziurrenik lanak atzeratu egingo dira". 

Madalena auzoan motel 

Oñatira doan GI-2630 errepidea zeharkatzeko lanen erdiak egin ostean, tunelaren eskumako horman pitzadura txiki bat agertu da eta langileek ur-sarrera handi batekin egin dute topo. Ezustean aurkitu duten oztopo horrek lanak korapilatu egin ditu eta, ondorioz, tunelaren bigarren zatia amaitzeko zeuden epeak luzatu egin beharko dituzte.

Hala ere, beti ere Madalenan ari diren langileen esanetan, beste aldeko tunelaren zatia bukatzean auto-ilara luzeak sortzen dituen semaforoa kentzeko aukera egongo da. Honetarako, baina, bertako langileek ez digute data zehatzik eman. 

Arrasateko zatia bide onetik

Epele eta Elorregiko bidegorriko lanak erritmo onean doaz eta, langile batek esandakoaren arabera, "ez da atzerapen handirik egongo". Une honetan gremio eta langile ugari ari dira bertan lanean eta horregatik akaso "atzerapen txiki batzuk" egon daitezkeela gaineratu zuen, baina egun lanak doazen erritmoa kontuan izanda, okerrenez, aste pare bateko atzerapena izango dela. 

Bertaratzen diren oinezko eta txirrindulariek erraz ikusi dezakete bi tunelen sabaia estali dutela eta tunel barruko argiteriaren kableak batuko dituen erraila ere jarrita dagoela, ondorengo asteetan, argiteria jarri ahal izateko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak