Karmele Jaio: "Ia edozein egoeratan idazteko gaitasuna garatu dut"

Txomin Madina Milikua 2013ko ots. 7a, 01:00

Hamabost zauri eta Amaren eskuak bezalako lanei esker ezagun egin ostean, hamabi ipuinez osatutako Ez naiz ni da kazetari eta idazle gasteiztarraren azken liburua.

1. Denboraren joanak zeresan handia du Ez naiz ni-n. Zuk zeuk nola daroazu?

Pentsatzen dut jende gehienak bezala. Neu ere heldu naiz adin batera zeinetan benetan konturatzen bainaizen bizitza oso azkar doala. Ez daroat gaizki, baina horren kontziente naiz.

2. Ipuinez osatuta dago. Eleberrietan baino erosoago?

Beti diot ni neu gehiago ikusten naizela ipuingile nobelagile baino; ipuinak gehiago idatzi ditut. Agian bai, ipuinetan erosoago nago.

3. Amaren eskuak arraskastatsua deskribatzeko, hunkigarri hitza darabilte askok. Ez da lorpen makala!

Hori lortu nahi du askotan idazleak: heltzea, irakurleari zerbait sentiaraztea. Idaztean norberak ere hunkitu behar du; fikzioa izan arren, egia balitz bezala idatzi eta sentitu besteek ere sentitzeko.

4. Arrakasta baten ostean, beldurra ematen du hurrengoa hasteak?

Ez. Uste dut idazten hastean hori guztia ahazten dudala: bestaldean norbait dagoela pentsatzen dut, zerbait kontatu behar diodala, eta beste dena ahazten saiatzen naiz. 

5. Noiz ikusiko dugu Amaren es-kuak-en zinemarako moldaketa?

Data ez dakit, baina aurten. Jakinminez nago: irakurri dut gidoia, baina zaila zait horrek iruditan zer esan nahi duen jakitea. Pozgarria da zuk idatzitakotik zerbait berria jaiotzen dela ikustea.

6. Liburu on bat idazteko, zenbat irakurri behar dira aurretik?

Asko; idazlearen zeregina %50 idaztea da eta beste %50a irakurtzea. Ni beti izan naiz irakurlea, baina denbora falta dut arazo; irakurtzen dudana baino askoz gehiago irakurri nahi nuke.

7. Idazteko, musika bai ala ez?

Ez, nahiago dut isiltasuna. Ez dut mania berezirik: ahal dudanean eta ahal dudan bezala idazten dut. Bi ume txiki ditut eta etxean ez da askotan girorik egoten; ia edozein egoeratan idazteko gaitasuna garatu dut.

8. Zirrikituetatik begira ibiltzen zara egunkarietan. Espia sena, betidanikoa?

Agian bai; ohartu naiz konturatu gabe garatu dudala adi egoteko gaitasuna: askotan, autobusean noa eta konturatu gabe albokoaren elkarrizketa entzuten nabil.

9. Kazetari moduan, igartzen dituzu faltan erredakzioak?

Urte asko egin nituen erredakzioetan eta ez ditut faltan igartzen. Erredakzioko lanak asko zailtzen du bizitza pertsonala eta profesionala uztartzea: ordutegi ezberdinak, noiz bukatuko duzun ez jakitea, asteburuan lan...

10. Kultura sailburu berria duzu aurrean. Zer esango zenioke?

Nire kasuan, euskal literatura indartu eta bere lekua ematea; benetan sinestea gure literatura euskal literatura dela.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Munduko injustiziak desagerrarazten baino gehiago, injustizia horiek sortzen dituzten arrazoiak errotik desagerrarazten saiatuko nintzateke. Esaterako, emakumeen kontrako indarkeriaren kasuan, makilarekin errora joango nintzateke, gizartean dagoen matxismoa desagerrarazten saiatuko nintzateke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak