Metapostak 30.000 erabiltzaileko muga gainditu du

Maider Arregi 2012ko aza. 9a, 11:33

Metapostaren ideia –Interneteko gordailu elektronikoa– 2005ean hasi zen garatzen Mondragon Taldearen babesarekin eta laguntzarekin, eta 2011ko otsailean jarri zen abian. Egun, 30.000 erabiltzaile ditu, eta goraka doa. Aitor Velasco zuzendariarekin hitz egin dugu.

Zer da Metaposta?

Metaposta Eusko Jaurlaritzak sortutako zerbitzu berritzailea da. Bertan, herritarrek eskura izango dituzte erakunde ezberdinen jakinarazpenak. Hau da, orain arte etxeko postontzian jasotzen dituzten fakturak, Metapostari esker, modu elektronikoan jasotzeko aukera izango dute. Metaposta Interneteko gordailu elektronikoa da.

Zertarako erabil dezakegu?

Nire kasuan, esaterako, Metapostako kontuan, egun ditudan fakturak jasotzen ditut: Iberdrola, Naturgas, Bilboko Urak eta Euskaltel enpresenak. Nire nomina ere bertan jasotzen dut. Orain postontzi birtualean jasotzen dut, eta doan, lehen etxeko postontzian jasotzen nuena.

Segurua da?

Guztiz segurua da. Kontuan izan  Osakidetzak eta bestelako igorleek informazio konfidentziala bidaltzen dutela. Beraz, erabiltzaileek jakin behar dute jakinarazpen horietarako sarrera eurek bakarrik dutela.

Herritarrendako zein onura du?

Batetik, erakunde eta banketxeen jakinarazpenak on line jasotzea eta norberak kudeatzea. Hala, etxeko postontzian ez da pilaketarik izaten eta herritarrak ez du jakinarazpen guztiak batu eta artxibatzeko lanik hartu behar. Metapostak denbora aurreztu eta bizitza errazagoa egin nahi die herritarrei. Nahi den momentuan eta edonon, ordenagailu, tableta edo mugikor bidez dauzka eskura dokumentuak. Bestetik, norberak nahi dituen dokumentuak igotzeko aukera ere badauka, sinadura elektronikoaren bermearekin eta administrazio publikoaren legezkotasunarekin. Esaterako, etxebizitzaren eskriturak igo daitezke. Herritarrendako guztiz doakoa eta segurua dela azpimarratu nahiko nuke.

Eta enpresendako onurak zeintzuk dira?

Enpresendako onura handiena da kostuak asko murrizten zaizkiela. Geroz eta enpresa gehiagok erabiltzen dute eta onurak geroz eta gehiago dira, aldi berean. Posta bidezko bidalketa arruntarekin alderatuta, %80 aurrezten dute. Gainera, ingurumenaren aldeko apustua oso handia da. Esan ere, modu honetan, bezeroekin hartu-eman handiagoa dutela enpresek. Hala, enpresa klik batera dago bezeroari beste produktu asko eskaintzeko. Marketin ikuspegitik abantaila asko ditu.

Metapostak legezko froga-balioa dauka?

Legeak Sinadura Elektroniko Onartuari ematen dizkion abantaila guztiak ditu Metapostak: egiazkotasuna, osotasuna, isilpekotasuna eta ez-gaitzesteko ahalmena, hain zuzen. Horregatik, sistemaren esku utzitako mezuen izaeraren bermea du. Igorlearen eta jasotzailearen nortasunaren egiatasuna sistemaren esku utzitako mezu edo dokumentu orotan du. Eta noski, egiatasuna, sistemaren esku utzitako mezu edo dokumentu oro bidaltzerakoan eta jasotzerakoan ere badauka. Horregatik, herritarrek euren legezko dokumentuak lasai igo ditzakete euren ordenagailutik Metapostara. Pasaporteek, etxeko eskriturek edota bestelako dokumentu administratiboek balio legala izango dute, eta, gainera konfidentzialtasuna bermatuta izango dute.

Ze urrats eman behar da izena emateko?

Segurtasuna bermatu gura dugunez, erabiltzaile guztiak identifikatu behar ditugu. Kontuan hartu behar dugu Iberdrola edo Osakidetza moduko enpresek bidaltzen dituzten jakinarazpenak konfidentzialak direla. Izena emateko hiru bide daude: lehena, eta momentuan egin daitekeena, on line bankaren bitartez izena ematea da. Metapostaren barruan dauden bankuak izan behar dute –Kutxa Bank, Bankoa, IparKutxa eta Euskadiko Kutxa–. Bigarren aukera, eta hori ere denbora errealean egin daitekeena, gure sisteman onartutako sinadura elektronikoko ziurtagirien bitartez izena ematea da: NA elektroniko, Izenpe, Ona, Camerfirma, Ceres edo EHU eta Osakidetzaren ziurtagiri digitalen bitartez eman daiteke alta. Eta hirugarren bidea aukeratuz gero, KZgunera jo beharko genuke. NA arrunta eramatea nahiko da. Kasu horretan, ez da denbora errealean altarik ematen. Izan ere, erabiltzailea identifikatu behar du sistemak; horren ondoren, mugikorrera iristen den PINaren bitartez kontrastatu eta alta eman behar da.

Debagoienean abian da.

Mondragon Taldea da gure bultzatzaile nagusia. Pack Pyme ekimenari esker 30 kooperatibak erabiltzen dute Metaposta –Fagor, Mondragon Lingua, Ikerlan eta Danobat, besteak beste–. Dagoeneko 30.000 herritarrek jasotzen dute nomina Metapostan. Laster, gainera, Lagun Aro eta Osarte ere Metapostaren parte izango dira.

Zein da une honetan egiten duzuen balantzea?

Pack Pymeri esker, edozein enpresa, handi nahiz txiki, segurtasun osoz Metapostaren parte izatea nahi dugu. Herritarrek modu erraz eta doakoan gure sistemaren abantaila izatea da asmoa. 18 hilabete daramatzagu martxan eta balantzea oso positiboa da. 30.000 biztanlek erabiltzen dute Metaposta, Interneteko gordailu elektronikoa. Gainera, punta-puntako 30 enpresaren babesa daukagu; eta Pack Pyme ekimenari esker, 70 enpresa ertain eta txiki daude integratuta gure zerbitzuan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak