Iñurrategi, Vallejo eta Zabaltzaren ustetan "Nuptse 2012 erronkaren tamaina ezin da alderatu guk aurretik egindako edozein igoerarekin"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urr. 29a, 20:45

Hedabideen aurrean azaldu dira gaur Alberto Iñurrategi eta bere bi mendizale taldekideak Nepaletik bueltan. Tontorrera heldu ez diren arren, pozik itzuli dira izandako esperientziarekin. Azaldu dutenez, "jabetu ginen arriskua oso handia izan zitekeela eta, hortaz, argi ikusi genuen bigarren saiakera egiteko aukerarik ez geneukala".

Espedizioaren babesleek (BBK, Naturgas eta Basque Team) oso positibotzat j o dute esperientzia, kontutan hartuta behin baino ez dela egin saiatutako bidea eta inoiz ez alpetar erara.

Basque Team taldeko mendizaleek azaldu dutenez, bidearen ezaugarriek eta eguraldiaren baldintzek erronka zailagoa bihurtu dute, beraiek aurretik egindako edozein igoerarekin alderatuta. 

Zailtasuna eta konpromisoa

Alberto Iñurrategiren hitzetan, "orain arte egin ditugun igoerekin ezin da alderatu erronkaren tamainari buruz hitz egiterakoan, batez ere zailtasuna eta konpromisoa kontutan hartuta". Aretxabaketarrak gaineratu duenez, "oinarrizko Kanpalekura itzultzerakoan oso argi geneukan ezin zitekeela bigarren saiakerarik egin".

Bigarren igoera, "arrisku handikoa"

Juan Vallejok, berriz, zera esan du, "eguraldia ikusita eta tontorrera egindako lehen saiakeraren ondoren genituen indarrak kontutan hartua bigarren igoera bat egitea arrisku handiko erronka zen". 

Mikel Zabaltzak, berriz, zera adierazi du: "oso penditza gogorrak aurkitu ditugu aurrez aurre eta zorua ere espero genuena baino zailagoa teknikoki eta honek alpetar erara igotzea zaildu digu".

"Ikaragarrizko" meritua

Tontorrera iritsi ez diren arren, espedizioko babesleek (BBK, Naturgas eta Basque Team), oso positibotzat jo dute esperientzia, ikusita behin baino ez dela egin saiatutako bidea eta inoiz ez alpetar erara. BBK-ko bozeramaile eta era berean alpinista den Juanjo San Sebastianek zehaztu duenez "ikaragarrizko meritua dauka ezaugarri hauek dituen igoera honetan tontorretik 150 metro geratzeak, eta guk arrakasta bezala ikusten dugu".

"Pozik eta harro"

Naturgas Energiako harreman instituzionaletako zuzendaria den Rafa Kareaga, "pozik eta harro" dagoela azaldu du eta mendizaleek erakutsi duten "umiltasuna, zintzotasuna eta erantzukizuna" nabarmendu ditu, bai jarritako helburuan eta baita bigarren saiakera ez egiteko erabakia hartzerakoan ere.   

35-40 gradu zero azpiko tenperaturak

Alberto Iñurrategik egin du igoeraren kontakizuna eta bere ustetan une erabakigarria heldu zen "faktore asko batera kontran genituela konturatu ginenean: haize bortitza, penditza ikaragarria, argi ordu gutxi, 35-40 gradu zero azpiko tenperatura, nekea, jaitsieraren zailtasuna. Honekin guztiarekin ezin genuen kalkulatu behar bezala jaisteko beharko genuen denbora".

Mikel Zabaltzaren hitzetan, "muinoan geundela gaua gainean geneukan eta oihuka hitz egiten genuen gure artean, haizeak aurretik egindako arrastoa ezabatu zezakeen aurretik jarritako sokaraino egun argiz iritsi beharra geneukan".

"Aho zabalik"

Saiakeraren zailtasuna azpimarratu nahi izan dute hirurek, ohikoak diren igoerekin Nuptsekoak duen aldea nabarmenduz. Iñurrategi bera erabat "aho zabalik geratu da orain 50 urte gailurrera iristea lortu zuen espedizio britainiarrak egindakoarekin. Aitzindariak izan ziren arren, 13 alpinista ziren guztira eta zazpi kanpaleku jarri zituzten tontorrera igo ahal izateko. Gu hiru lagun baino ez ginen eta gainean, motxilan, ekipo guztia generaman".

Abentura onik amaitzea, "arrakastatsua"

Mendizale aretxabaletarrak arrakastatzat jo du "abiatutako abentura onik amaitzea eta lehendabiziko espedizioa izatea alpetar erara igoera zoragarri hau egiten saiatu dena, beharbada etorkizunean norbaitek berriro planteatuko duen erronka".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak