Mondrak hiru gol egin dizkio Aloña Mendiri Azkoagainen

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko urr. 29a, 15:49

Puntuak behar zituen Mondrak sailkapenean gora egiteko, eta garaipena ere bai urduritasunak baretzeko. Partidua hasi eta 15 minutura egin dute Lutxo Iturrinoren mutilek lehenengo gola Dueñasen ekimenez. Oñatiko atezainak atzamar puntekin ukitu du baloia, baina gainetik pasa zaio.

Lehenengo gola jasota, gogor ekin diote erasoari etxekoek, eta pentsatzekoa zen hainbesteko ahaleginak jasoko zuela saria. Baina ez da horrela gertatu, eta atsedenean 0-1koa zen markagailuan.

Bigarren zatian bestelako arerio bat izan dute aurrez aurre Aloña Mendikoek. Arrasateko mutilek lan ona egin dute atzeko lerroetan, eta nahiz eta aukera gutxi sortu gola egiten asmatu dute. Polita izan da 0-2koa. Aizpuruak jaurtiketa indartsu eta zuzena egin du, eta oztopo barik baloia sarera joan da zuzenean. Partiduaren 67. minutuan gertatu da. 

Mondra defentsan

Bigarren golak min handia egin dio Azkargortaren taldeari. Mondrak, bere aldetik, bost gizon ipini ditu atzeko lerroan. Oñatiarrek aukera gutxi izan dute ganorazko ezer egiteko, eta hori gutxi balitz gatzik gabeko jokaldi horietako batean 0-3koa egin dute Arrasatekoek. Kasu honetan Iker Uribarren izan da golegilea, eta egindako keinuengatik bera ere ezustean harrapatu du golak.

Aloña izan da gaurkoan galtzaile handia; jarraian hiru partidu irabaztetik datorren taldearendako kolpe gogorra izan da. Baina Andoni Azkargorta entrenatzaileak argi dauka: "Akatsetatik ere ikasi egin behar da, eta guk argi dugu gure helburua zein den: 40 puntu batzea eta talde gaztea izanik partiduz partidu taldea egiten joatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak