Antxintxika Krosaren aitzakiaz kirol jarduera mordoa antolatuko dituzte azaroaren 3rako

Xabier Urtzelai 2012ko urr. 24a, 23:40

Aurkezpen emankorra egin zuten atzo, eguaztena, Antxintxikako ordezkariek, Esaiteko ordezkari Pepe Turrillasek eta kirol zinegotzi Lauri Azkargortak lagunduta. Emankorra, nobedade handiak izango direlako azaroaren 3an. Hasteko, Olatz Rementeria memoriala Euskal Herriko Txapelketa izendatu dute, 10.000 metroko errepide proba. 

Ibilbideari dagokionez, ia urtero moduan, aldaketa txikiak izango ditu aurten ere, baina oinarrian, Soraluze eta Bergara banatzen dituzten 10 kilometroak egitea izango da erronka.

Parte-hartzeari dagokionez, antolatzaileek gehienezko muga ezarri dute, ekonomikoki mugak daudelako nahi beste jende hartzeko: "700 lagunendako tokia izango da, modalitate guztiak kontutan hartuta. Jende gehiago hartzeko aurrekontu handiagoa behar da, eta alde horretatik eskerrak eman nahi dizkiogu Servimasa enpresari, ematen digun babesagatik". Hala, bezperara arte eman ahalko da izena –azaroak 2– kirolprobak.com webgunean, baldin eta lehenago 700 plazak betetzen ez badira.

Egun osoa girotuta

Antxintxika krosa eguna girotzeko hitzorduetako bat izango da, baina ez bakarra, arratsaldeko lehenengo orduan eskola kiroleko 150 neska-mutiko ingururendako lasterketak antolatuko dituztelako.

Eta lehenago, eguerdi partean, Esaiteko ordezkariak ahaleginduko dira eguerdia girotzeaz: "Halako egun bat oso aproposa da ofizialtasuna aldarrikatzeko. Hala, eguerdian herri kirolak antolatuko ditugu eta, horretarako, Bergarako kirol taldeekin jarriko gara harremanetan", adierazi zuen Turrillasek. Eta kirol zinegotzi Azkargortak gaineratu zuen herri kiroletan esku hartu nahi duten koadrilek kirol zerbitzuekin harremanetan jartzea baino ez dutela, izenematea bideratzeko.

Nobedadea, mendi lasterketa

Antxintxikakoen asmoa da egun horretan guztiak entretenitzea, baita gaztetxoenak ere: "Horretarako, Antxintxika krosa amaitu eta segituan haurrendako moto txikien lasterketak antolatuko ditugu". Broma giroan, aurre-mundial izendatu dute gaztetxoen moto txikien lasterketa: "Izan ere, haurrekin benetako mundiala Antzuolan egingo dugu, otsailean lehenengoz egingo dugun mendi lasterketa aprobetxatuta". Horra, aurkezpenean emandako azken nobedadea. Otsailean Irimo inguruan mendi lasterketa antolatuko du Antxintxikak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak