Gol aukera garbiak alferrik galduta ere Touringek min egin zuen Mojategin

Xabier Urtzelai 2012ko urr. 21a, 22:24

Mondrak bere burua aurrealdean ikusteko aukera erabakigarria duenean jasotzen ditu kolpe handienak. Eta hau kontu zaharra da, ez da oraingoa. Azken asteotan etxetik kanpora jarraian bi garaipen lortu ostean –Zarautzen oso ondo jardun zuten– etxeko zaleak gogoz zeuden Iturrinoren mutilak Mojategin zer egiteko gauza ziren ikusteko. Beste taldeei dagokienez Aretxabaletak berdindu egin zuen Tolosaren kontra, Aloñak irabazi egin zuen etxetik kanpora, eta Bergarak galdu.

Sailkapenari begiratuz gero, gainera, bazirudien parean egon zitezkeen bi talderen arteko lehia izan behar zela, eta partiduko lehenengo orduerdiak hori erakutsi zuen. Futbolean jokatzeko eguraldiak ere lagundu egin zuen: euri langarra, freskotxo, eta futbol zelaia bizkor jokatzeko moduan. Horretarako, baina, gaitasuna behar da, eta zapatuan Touring izan zen horretan hobea, azkar jokatzen, alegia: 2-3 pase eta Mondraren area inguruan ziren Alberto Nagore eta Pablo Montes. Hasieran, arrisku jokaldirik egin barik, elkarri neurria hartzen ibili ziren bi taldeak. Mondra ondo zegoen berdegunean, eta igartzen zen Gorka Dueñasen ekarpena. Kategoria handiagoetan ibilita, azken urteotan futbola utzita izan du Dueñasek, eta denboraldi hasieratik dabil zuri-moreekin entrenatzen; etxeko debuta izan zuen. Jokoa antolatzeko ardura zuen eta igartzen zaio non jokatu duen, baina baloia lehenago askatzeko eskaera ere jaso zuen harmailetatik.


Ondo kokatuta egon arren, inoiz, behar ez diren arriskuak hartu zituzten Mondrako jokalariek –atzealdean batez ere– eta hanka-sartze nabarmenen bat edo beste egon bazen ere, Touringekoek ez zituzten opariok aprobetxatu. 40. minutua heldu zen arte. Hor, baina, ez dago ezer aurpegiratzerik; Touringeko Iñigo Fernandezek ezkerretik neurrira egindako pasea bultzatu baino ez zuten egin behar izan 0-1ekoa egiteko. Eta handik minutu batera kanpotarrek ez zuten jakin partidua errematatzen: Baloia loratuz, Mondrako atezain Oier gaindituta zegoenean bigarren aurrelariak baloia saretara bultzatzea erabaki zuen –marra gainean– eta epaileak jokoz kanpo adierazi zuen.

Azken estutualdian ere ez

Bigarren zatian Touringek beste pare bat aukera on izan zituen. Hala, 61. minutuan Montesek sekulako gola egin zuen, baina epaileak balio gabe utzi zuen, jokoz kanpo adierazita –oso eztabaidagarria. Ostera, 75.enean zutoinera bota zuten baloia. Azken txanpan, aldaketak eginda, eta jokalariak erasora joateko animatuta, Mondra ezustea emateko moduan egon zen. Kevinek barneraketa ederra egin ostean Dueñasek kanpora bota zuen baloia. Eta, Aitor Azkaratek bi jokaldi oso antzerako egin zituen ezkerretik, biak onak, baina aldaratzeetan ez Txonan-ek ez Aizpuruak ez zuten asmatu.

Aretxabaletan, Piruk egin zuen berdinketaren gola

Aretxabaletak partidu ona egin zuen Tolosaren kontra, sentsazio onarekin erretiratu ziren Albistegiren mutilak baina seguruenez, larregi barkatu zutela pentsatuko duenik ere izango da.
Lehenengo zati ona egin zuen Aretxabaletak; Tolosa baino gehiago izan zen, eta 2-3 aukera oso garbi izan zituzten aurreratzeko. Sorpresa, baina, Tolosak eman zuen, 45. minutuan falta batean gola eginez (0-1). UDAkoak gorputz txarraz erretiratu ziren aldagelara, baina partiduari buelta emateko esperantzaz. Horretan saiatu ziren bigarren zatian, Piru-k area ertzetik gol ederra egin zuen arte (1-1). Ordurako Tolosa 10ekin zegoen, UDAk estutzen jarraitu zuen, baina alferrik.

Aloña Mendik saria, kanpoan

Asteburu grisa koloreztatzeko gauza izan ziren Aloña Mendiko (11) mutilak zapatu arratsaldean Beti Gazteren zelaian (0-1). Oñatikoek jarraian eskuratzen duten hirugarren garaipena izan zen: "Txukun ibili ginen, baina ez genuen partidua errematatzen jakin, eta Beti Gaztek hiru aukera izan zituen partidua berdintzeko", adierazi digu Andoni Azkargortak. Kontuak kontu, urrian atzean egotetik aurrealdeko boskotean egotera pasa dira txantxikuarrak.

Bergarak, ostera, galdu

Jokatu dituen sei partiduetatik lau irabazita Oiartzun (12) da, oraingoz, lider dagoen Hernani (18) estutzeko intentzio handiena erakusten dabilen taldea. Bergarak (7) joan den astean etxean jasandako porrotari buelta emateko asmoaz egin zuen zapatuan bidaia, baina Oiartzungoek aukera gutxi eman zituzten. Oiartzungoek gola egiteko duten erraztasuna baieztatu zuten, hiru eginda. Gol gehien egin dituen taldeetakoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak