Banako berdinketa justua Azkoagainen, derbi tipiko batek izan ohi dituen osagaiekin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko urr. 1a, 10:08

Derbi baten osagai guztiak izan zituen atzo, domeka, Aloña Mendi eta Aretxabaletaren artekoak: lehia borrokatua, gol aukera gutxi eta epailearen erabakiek eragindako polemika. Norgehiagokak ez zuen jabe argirik izan, irekita egon zen uneoro, eta joko aldetik ez batak ez besteak ez zuen jokaldi luzerik lotu. Oxel Apraitzek sartu zuen UDAkoen gola eta Aloñakoa, berriz, Aimar Lizarrak egin zuen partiduko jokaldi onena maisuki amaituz. Bi entrenatzaileek ontzat eman zuten berdinketa eta oro har pozik azaldu ziren euren taldeek egindako lanarekin.

FUTBOLA:

SASKIBALOIA:

ESKUBALOIA:

TXIRRINDULARITZA:

ARETO FUTBOLA:

XAKEA:

Baloi bakoitza azkenera arte borrokatu zuten bi taldeek baina apenas izan zen sarrera itsusirik; horren adierazle da Anduaga epaileak lau txartel hori bakarrik atera zituela –hiru Aloñari eta bakarra UDAri–. Beraz, gol aukera gutxi izan ziren. Garbiena Oinatz Agirre aurrelari aretxabaletarrak izan zuen lehen zatiko 30. minutuan: Aitor Perezen pase eder baten ostean bakarrik geratu zen Mikel Aginagalde atezainaren aurrean. Atzetik zuen atzelaria driblatu bai, baina ez zuen baloia sarera bidaltzen asmatu. Horrez gain, ez zen jokaldi aipagarririk izan lehen zati osoan, estrategia jokaldi batzuetan sortutako arrisku apurra salbu. 

Polemika bigarren zatian

Bigarren zatirako Albistegik hiru jokalari aldatu zituen. Hobeto irten ziren aretxabaletarrak baina Andoni Azkargortaren mutilek denboraz erreakzionatu zuten. 66. minutuan heldu zen partiduko lehen jokaldi eztabaidagarria: Aloñakoak asko kexatu ziren  UDAko atzelari batek baloia eskuarekin jo zuela-eta marrazainak bandera altxatu zuenean. Handik gutxira heldu zen partiduko lehen gola, hori ere polemikaz josia. Marrazainak jokoz kanpokoa adierazi ostean Aloñako atzelariak geldi geratu zirela aprobetxatu zuen Julen Erañak Oxel Apraitzi pasea egin eta atezainaren aurrean bakarrik uzteko. Apraitzek, noski, ez zuen hutsik egin; 0-1 eta Aloñako jokalari zein jarraitzaileak sutan. Epaileak abantailaren legea adierazi zuen, denen harridurarako.

Emozioa amaierara arte

Epailearen erabakiak eragindako haserreagatik akaso, etxeko taldeak are oldarkorrago egin zuen UDAren aterako bidea. Eta saiakerek eman zuten bere fruitua: Aimar Lizarrak maisuki bidali zuen baloia sareetara buruz, ia partidu osoan ikusi zen jokaldi onenean. Baina emozioa ez zen hor amaitu, epaileak amaiera adierazi arte bi taldeak saiatu ziren hiru puntuak eskuratzen. Datorren jardunaldian beste derbi bat izango dugu, UDAk Bergara hartuko du Ibarran. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak