Bergararentzat herriko torneoa, Aretxabaletari 3 eta 0 irabazita

Usoa Agirre 2012ko ira. 2a, 23:11

Bergarak eta Aretxabaletak jokatu dute domekan Bergara Hiria torneoko finala. Etxeko taldeak gol-aukera gehiago sortu ditu eta hiru gol eginda irabazi dio Aretxabaletari.

Egubakoitzean Bergarak eta Urolak jokatu zuten lehen finalerdia eta 0-0 egin ostean, penaltietan Bergarak lortu zuen finalerako txartela. Zapatuan Aretxabaletak eta Mondrak jokatu zuten bigarren finalerdia eta 1-1 egin zuten partiduan; penaltietan Aretxabaletak lortu zuen finalerako txartela.

Domekako finaleko lehen zatian oso aukera gutxi sortu zituzten Bergarak eta Aretxabaletak eta geldikako jokaldi batean lortu zuen Bergarak lehen gola. Lehen zatiko 34. minutuan falta bat erdiratu eta Jon Linazisorok buruz igo zuen Bergararen lehen puntua markagailura.

Bergarak aukera gehiago

Bigarren zatian Bergarak aukera gehiago sortu zituen Aretxabaletak baino. Bosgarren minutuan epaileak Neka Galan Bergarako entrenatzailea kaleratu zuen eta harmailetatik jarraitu behar izan zuen Galanek bigarren ia zati osoa. Hala ere, taldeak aukera ugari sortu eta bi gol egin zituen. Bergarakoen bigarren gola bigarren zatiko 10. minutuan etorri zen, hori ere falta baten sakearen ondorioz egin zuen Xabi Urrutiak. Hirugarren gola, berriz, Iñigo Machok egin zuen; sakonean pase bat egin zioten eta Aretxabaletako defentsaren aurrean bakar-bakarrik zela egin zuen gola 13. minutuan.

Hirugarren goletik aurrera Bergara nagusi izan zen zelaian eta aukera gutxi izan zituen Aretxabaletak. Aukera garbiena 26. minutuan izan zuen Aretxabaletak, falta baten ostean.

Bukaeran, beraz, Bergara izan zen nagusi, 3 eta 0 emaitzarekin.

Arrasate Hiria asteburuan

Ohorezko Erregional mailako txapelketa irailaren 16an hasiko da eta datorren aste bukaeran denboraldi-aurreko beste txapelketa bat jokatuko dute ibarreko taldeek: Arrasate Hiria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak