"Normaltasunez bizi izan ditugu Olinpiar Jokoak"

Leire Kortabarria 2012ko abu. 16a, 02:00

Oraindik fresko daude Londresko Olinpiar Jokoen oihartzunak. Debagoienean pozik bizi izan dira, batez ere Maider Undaren dominarengatik. Londresen bertan zelan bizi izan dituzten kontatzen du han bizi den Ibon Elordui aretxabaletarrak. Bere esanetan, "normaltasunez" bizi izan dituzte hiritarrek; izan ere, "ondo antolatutako" Jokoak izan dira.

Hiri Olinpiarretik oso gertuan bizi zara, ez?
Bai, pare bat kilometrora.

Nola bizi izan duzu Jokoak eta aurretik egon den prestakuntza guztia?
Denbora bat egon ziren Jokoak iragartzen eta jendea prestatzen. Jende asko etorri behar zenez, zirkulazioa desbideratu zuten. Baina nahiko normaltasun handiz bizi izan da, nahiko ondo antolatuta egon dira Jokoak.

Bestalde jende asko etortzea espero zen, baina ez da hainbeste igarri, nahiko lasaia izan da. Aulki asko hutsik geratu dira, antza denez. Hemen oso gertutik bizi izan dugu eta jendea ez da modu masiboan ibili inguru hauetan.

Londresko hiritarrek ondo bizi izan dituzte Jokoak?
Hemengo jendeak ilusio handiarekin hartu du dena. Gainera, Britainia Handiak arrakasta izan du, domina asko irabazi ditu, eta hemen jendea ilusionatuta zegoen; bi astean jendea festa eta festa ibili da, zelanbait esateko.

Zuk, gertuan bizi izateagatik, bereziki igarri dituzu eragozpenak?
Egon dira aldaketa txiki batzuk: metroak denbora luzeagoa behar zuen, autobusak batzuetan desbideratu egiten zituzten, egun batzuetan eta jokatzen zen probaren arabera, baina oro har ez da hain aldaketa handia egon garraio aldetik.

Ikusle moduan, jarraitu dituzu Olinpiar Jokoak?
Bai, betidanik gustatu izan zait. Ez nintzen bertara ikustera joan, sarrera garestiak zirelako, baina BBCk doan ipintzen zituen on-line ikusteko eta bai, ikusi ditut proba batzuk. Euskal kirolarienak, hain justu, ez, baina beste proba batzuk ikusi ditut.

Euskal Herritik jende asko joan da Londresera, zuk ikusi duzunez?
Nik ez dut hainbeste ikusi. Baina hemen, inguru honetan, euskaldun talde polita bizi gara, euskal etxea ere gertuan dugu, eta batu izan gara ekitaldiren batera joateko-eta. Etxe ondoan Victoria Park dugu, eta hor egon da gune bat jendeak pantaila handietan ikus zitzan Jokoak, eta han elkartu izan gara gu ere.

Instalazioekin zer gertatuko da orain?
Hori da jende guztiak jakin gura duena. Estadio Olinpikoa guztiz mugikorra da, eta esaten da beharbada ekialdeko West Ham futbol taldeak hartuko duela bere futbol zelai gisa, baina oraindik ez da ziurra.

Bukaerarekin batera, hutsunea igarri duzue edo eskertzen duzue dena berriz normal izatea?
Lasaitasunera bueltatu gara, bai, alde batetik, baina turista-aldaketa bat ere izan da: orain arte, turista mota bat zegoen, hain justu Olinpiar Jokoak ikustera etortzen zena, eta ni Buckingham Palace ondoan nago lanean eta orain ikusten da beste turista mota bat berriz ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak