15:00etan itxiko dute Musakolako sarrera

Goiatz Arana Begiristain 2012ko eka. 27a, 13:40

Axerikoa zubiko obrak direla-eta moztuko dute eguaztenean Arrasateko herri sarrerako bide zati hori eta sei hilabetez egongo da itxita. Mozketa horrek eragina izango du zirkulazioan eta oinezkoengan eta baita autobusen ibilbide eta ordutegietan ere kasu batzuetan. Lehenengo egunetan, arazo gehien sortu daitezkeen puntuetan, Udaltzaingoa egongo da herritarrei laguntzeko.

Maiatzaren 25ean hasi zituzten Axeriko zubiko obrak, San Isidroko ermitaren ondoan. Orain arte bidea moztu gabe moldatu dira, baina lanekin jarraitu ahal izateko bidea moztu beharreko unea iritsi da; bihar moztuko dute eta sei hilabetez egongo da itxita.

Aldaketak zirkulazioan

Mozketa horrek eragin zuzena izango du zirkulazioan: Musakolakoa itxita egongo denez, gainontzeko sarrera-irteerak erabili beharko dira: Osinakoa (edo ospitalekoa), Takolokoa eta Mugarrietakoa –azken hori bikoitza da: San Andres auzora joateko bat, eta tuneletik Uribarri eta Erguin aldera joateko bestea–. Egoera berri horretan, gunerik korapilatsuena Osinako bidegurutzea izatea aurreikusten da eta, horregatik, zuzentzaile bat hartzea aurreikusi da: Aretxabaletatik datozenak Osina aldera ezingo dira sartu egun sartzen diren lekutik. Kaskonategiko biribilgunera (Eroskikora) joan beharko dira eta bertan buelta hartuta sartuko dira Osina aldera

Kiroldegira doazenek, adibidez, orain arteko ibilbidea egin ahalko dute, hau da, San Isidroko ermitaren parean ezkerrera egin ahalko da eta berdin Eroski saltokira joateko ere. Dena den, lehenengo egunetan, arazo gehien sortu litezkeen guneetan, Udaltzaingoa egongo da herritarrei laguntzeko.

Eragina garraio publikoan

Baina Musakolako sarreraren itxierak garraio publikoan ere izango du eragina: Musakolatik sartu eta irteten diren autobusak Osinako zubitik sartu-irten beharko dira errepide nagusira eta, ondorioz, atzerapenak egon daitezke ordutegietan nahiz Musakolako geralekuaren inguruan.

Bidea mozten denean autobus konpainia bakoitzak bere webgunean informatuko du ordutegien inguruan eta autobus geralekuetan egon daitezkeen aldaketei buruz. PESAk, esaterako, Musakolako geralekua ez erabiltzea erabaki du bidea moztuta dagoen bitartean. Hiri busa (autobus urbanoa) geraleku guztietan geldituko da; kasu horretan, gainera, geralekuak betiko lekuetan mantenduko dira. Hala ere, ibilbidean moldaketa txiki bat egin beharko da: autobusak eta, horregatik, geltoki batzuetan atzerapena egon daiteke ordutegian. Geltoki guztietan ohar bat jarriko da honen inguruan informatzeko.

Oinezkoei dagokienean, Eroskirako bidea Mojategi ondoko egurrezko zubitik egin beharko da, Arruena parketik beharrean.

Uholdeak saihesteko lanak

Eusko Jaurlaritzako ur agentziak sustatu ditu lanak eta Construcciones Murias enpresa ari da egiten. Egungo zubia bota eta berria egingo dute, uholdeak sortzen dituelako egungoak. Bere eraisketaren kontra azaldu da Arrasate Zientzia Elkartea, duen balio historikoagatik; XVIII. Mendekoa izan daitekeela diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak