GPS gailuen doako mailegua abiarazi dute

Maialen Regueiro 2012ko eka. 27a, 14:10

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ekainaren 19an Ibilbideak proiektuaren eremuko GPS gailuen doako maileguko zerbitzu berria aurkeztu zuen, baina astelehenetik aurrera daude erabilgarri Euskal Herriko hainbat herrietako KZgunetan. Horietako bat Arrasate da.

Ekainaren 25etik aurrera, 10 KZgunetan GPS mailegua erabilgarri dago. Gipuzkoan, besteak beste, Arrasate, Tolosan eta Donostian daude eskuragarri. Arrasaten dena den, San Juan jaiak medio, gaur jarri da ekimena martxan.

Ekimena

Kirol Zuzendaritzak motordunak ez diren kirol ibiltarietan eraginez jarduera fisikoa areagotzeko eta hobetzeko bultzatzen du ekimen hau. Ekintza hau Jarduera Fisikoaren Planean (Aktibili) sartutakoen bat da. Taldeko lanean oinarritutako doako zerbitzu publiko jasangarri honen bidez, honakoa egin daiteke:

  • Kirol praktikan dauden ohitura berrien eskaerei erantzutea.
  • Praktika eta kirolaren eremuei erantzutea baliabide bakar bat erabiliz.
  • Kirola, gizartea hobetzeko beste helburu batzuk lortzeko bide moduan erabili dezaten erraztea.

Nola funtzionatzen duen

Ibilbideak-en ondoko jarduerak bildu dira: ibili, mendi lasterketak, errepideko txirrindularitza, mendi txirrindularitza, hipika, itsuak, igeriketa, parapentea, patinajea, arraunketa...

Oso era grafiko eta errazean zenbait eremu interesgarriko ibilbideak eta jardueren gertaerak aurki ditzakegu fitxa batean, baita beste pertsona batzuek ibilbide horri buruz egindako balorazioak, iradokizunak edo ekarpenak.

Dagoeneko, 20 kirol ezberdinetako 700 ibilbide baino gehiago igo dira webgunera eta 500 pertsona edo entitate baino gehiagok eman dute izena.

Erabiltzaileak

Zerbitzu hau erabiltzeko, beharrezkoa da KZgunean erregistratuta egotea eta zigorrik ez izatea mailegu-araudia urratzeagatik.

Zerbitzuaz baliatzeko, erabilera baldintzak onartzen dituela hitz ematen duen adostazun-agiri bat sinatu behar du erabiltzaileak, zeinean datu pertsonalak idatzi behar dituen.

Erabiltzaileak 18 urteak beteak izan behar dituzte. Adingabeen kasuan, haien guraso batek edo legezko tutore batek lagunduta etorri beharko dute, eta guraso edo tutore horrek sinatu behar du adostasun-agiria.

Iraupena eta berritzea

Mailegua zazpi egunerako da, gehienez, baina beste zazpi egunerako berritu daiteke. Berritzeko eskariak KZgunean bertan edo posta elektronikoz egin behar dira.

GPSa itzultzea, galtzea edo hondatzea

GPS irakurgailua eta haren tresna osagarriak berandu itzultzen badira, zigor bat jarriko zaio erabiltzaileari eta ezingo du zerbitzua erabili berandutu den adineko epe proportzional batean. Berandutzen den egun bakoitzeko aste beteko zigorra jasoko du.

Mailegua egin den KZgune berean itzuiliko da. Gailua galdu, apurtu, ebatsi edo hondatzen bada, haren ordez beste gailu berri bat, berdina, jarri beharko du erabiltzaileak.

Ordutegia

Astelehenetik ostiralera goizeko 09:00etatik 13:00etara eta arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara. Arrasateko KZgunea KulturAteko 3.solairuan dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak