Julian Iantzi: "Patagonian ia egunero kontatu behar izan dut ehunera arte"

Txomin Madina Milikua 2012ko eka. 14a, 02:00

Kalifornian jaiotako lesakarrak agur esan berri dio 'El Conquistador del Fin del Mundo'-ren azken edizioari, baina aurretik ditu bai 'Conquistour' eta baita Aconcaguarako igoera ere.

1. Bukatu da zortzigarrena. Emaitzarekin gustura?

Oso. Finalak %31ko share-a izan zuen, uste dut gure errekorra dela. Edizio ikusiena izan da; saioak behera partez gora egiten du. Pozgarria da, lan gogorra egiten dugulako eta lana ziurtatzen duelako. Gakoa? Abentura benetakoa dela, eta casting-a.

2. David Seco izan da irabazlea. Konkistatzailearekin ere gustura?

Bai. Fisikoki indartsuena zen, baina buru kontua ere bada eta oso hotza eta estratega da hura. Reality-aren irakurketa egokia egin du eta taldekideekin harreman ona izan du. 

3. Izaten duzu faboritorik?

Ez; ni ez naiz ez laguna ez etsaia, gertatutakoa kontatzen duena baizik. Zirikatu eta estrategiak azaleratzea ere bada nire lana. Han, lehiakideekin distantzia mantentzen dut kamera aurrean eta atzean. 

4. Lehiakideek sufritu egiten dute. Eta aurkezleak?

Ez eurek beste, baina bai; haiek aguantatzea ere ez da erraza! Lan gogorra da: goiz hasi, berandu bukatu, ordu asko errepide txarretan... Eta tentsioa; badakit noiz izango den asanblada edo proba potentea. 

5. Patagonian zenbatetan kontatu behar izan duzu ehunera arte?

Ia egunero; izan ere, galtzen duenak beti bilatzen du aitzakia. Liskarretan armak ez dira berberak: eurek edozer gauza esan dezakete, nik ez. Baina errespetu falten aurrean, lehenengoan moztu behar da.

6. Noraino helduko zinateke lehiakide moduan?

Aconcaguan, asko sufrituta, baina lehen urtean goraino heldu nintzen. Beti egin dut kirol asko, erronkak gustuko ditut eta ez dut erraz atzera egiten. Amak edo emazteak esango lukete beldurtzeko moduko maila emango nukeela.

7. Nork ematen du beldur handien, Jesus Mariñasek ala Kortak?

Mariñasek dionean "Goazen kamerinora", nahiago Korta! Izaera handikoak dira, baina tratuan oso atseginak. Korta kristoren tipoa da eta Mariñas beti dago laguntzeko prest.

8. Madrilen ez duzu El conquistador- ekin besteko arrakastarik lortu.

Udakoak ziren, eta udako programazioa ez da hain potentea. Orokorrean ez, baina Patiño eta Mariñasekin egindako saioaren audientzia oso ona zen: konpetentziako Belen Esteban opor gabe utzi genuen. 

9. Hainbat lanbideren ostean, aurkezle. Bokazio berantiarra?

Ez naiz telebistazalea izan, ez ikusteko, ezta barrutik ere. Emazteak ideia bota zuen, hasi nintzen, eta gaur arte! Telebistarekin unibertsitate moduko bat izan dut, lan aberasgarria da.

10. Etxetik kanpo hainbeste egonda, etxean zer egitea gustuko?

Lasai egotea: familia inguruan dudala, sofan botata egotea. Kirola ere bai, eta tarteka, parranda: gaizki itzalitako sumendia naiz.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Denok hobeto bizi izateko, inbidia eta prepotentzia desagerraraziko nituzke. Gaitz larriak direla uste dut, eta horiek gabe badagoela bizi izaterik. Inbidiadunarekin edo prepotentearekin, kasu eurekin. Munduan asko dira eta askotan, agintean daudenen artean. Seguru bizimodua nahiko edo erabat aldatuko genukeela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak