Euskadiko Kutxak ere bat egin du Hipoteka Bitartekaritza Zerbitzuarekin

Leire Kortabarria 2012ko eka. 7a, 15:38

Euskadiko Kutxak Hipoteka Bitartekaritzako Zerbitzua sinatu du Eusko Jaurlaritzarekin. Kreditu-kooperatibak esan duenez, hala egin du "horren edukia finantza-entitatearen ohiko  okabidearekin bat datorrelako: bezeroen zorrak birfinantzatzea lehenestea, bestelako neurriak hartu aurretik". Proiektua "guztiz egoki" ikusten dute.

Horrela, Debagoienean zabalduen dauden bi entitateek bat egin dute zerbitzu horrekin, Kutxabank-ek ere sinatu baitzuen hitzarmena.

Euskadiko Kutxak ez-ordaintzeak gertatzen direnerako barne-protokolo bat du abian duela zenbait urtez geroztik, kaltetuekin akordioak lortzeko. Horrela, "irtenbide indibidualak bilatzen saiatzen da, ordenamendu juridikoak aurreikusitako bestelako neurriak hartu aurretik".

Bitartekaritza Zerbitzuak honako neurri hau aurreikusten du: bezeroak Eusko Jaurlaritzaren arbitrajea eskatzen duenetik
hilabeteko epean, inolako erreklamazio judizialik ez egitea. Neurri hori ontzat hartzen du Euskadiko Kutxak.

Muga, 350.000 euro

Zerbitzu horren onuradunak ohiko etxebizitza bakarraren gaineko hipoteka-kreditua edo -mailegua duten norbanakoak dira. Horrez gain, higiezinaren balioa ezin da 350.000 eurotik gorakoa izan eta entitate mailegu-emailearekin akordiorik lortu ez izana egiaztatu behar du norberak. Hipoteka Bitartekaritzako Zerbitzua erabiltzeko, herritarrak agiri bat eraman behar du, berak eskatuta eta finantza-entitateak emanda. Agiri horretan, dituen zorrak kitatzeko egindako adiskidetasunezko gestioak amaitu egin direla adierazten du.

Euskadiko Kutxak hipoteka ordaintzerik ez duten bezeroekin akordioak lortzeko orain arte egindako gestioak arrakastatsuak izan direla esaten du. Izan ere, "bolumena oso txikia da, lehen etxebizitzen hipoteketan berankortasun (morositate)-indizea %1,59 ingurukoa dela kontuan hartzen badugu, finantza-
sektore osoko batez bestekoa baino askoz ere txikiagoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak