Lanbidek %14 diru gehiago ipini du prestakuntzarako

Leire Kortabarria 2012ko eka. 6a, 13:37

Lanbidek, Euskal Enplegu Zerbitzuak, 102.000 pertsonatik gora prestatuko ditu, iaz baino 7.770 gehiago, eta, horretarako, 110 milioi euro ipini ditu aurten, iaz baino %14 diru gehiago (13,4 milioi gehiago). Gaur eman dute arduradunek horren berri. Aurtengo berritasun nabarmenena profesionaltasun-ziurtagirien aldeko apustua da.

Kolektiboen arabera, aurten prestatuko dituen 102.000 lagunetatik 42.000 pasatxo enplegu-eskatzaileak izango dira; 21.000, Hobetuz-en etengabeko prestakuntzako ikastaroak egiten dituzten jarduneko langileak; eta beste 39.000, enpresek antolatutako prestakuntza  egiten duten langileak. Bonifikazioa jasotzen dute prestakuntza hori egitearren.

Aurreko deialdiekin alderatuta, berrikuntza nabarmen bat dago: profesionaltasun-ziurtagirien aldeko apustu sendoa, 200 bat espezialitate eskaintzen dira-eta, aurreko urteetan baino gehiago. Profesionaltasun-ziurtagiria lan-administrazioaren esparruan lanbide-trebakuntzak modu ofizialean egiaztatzeko tresna da.

Euskaditik kanpo, gutxiago inbertitu da

“Gure ustez, orientazioa eta prestakuntza dira Lanbideren zutabeak, eta are gehiago pairatzen ari garen krisi ekonomiko larriko testuinguru honetan, eta horregatik ari gara erronka horri eusteko eta erronka hori indartzeko ahalegina egiten”, azaldu du Javier Ruiz Plangintza eta Enpleguko sailburuordeak. Gogorarazi duenez, "hemendik kanpo", iaz prestakuntzara bideratu ziren 100 euro bakoitzeko aurten 47 euro bideratu dira; Euskadin, ordea, iaz 100 euro ipintzetik aurten 114 euro ipintzera pasatu gara.

Prestakuntza-ildoa hainbat ardatzetan oinarrituta dago: prestakuntza ziurtagarria eta ziurtaezina, laneratzeko zailtasun handiak dituzten kolektiboentzako eta langabe guztientzako prestakuntza, prestakuntza kontratazio-konpromisoarekin
eta praktiketarako konpromisoarekin, bekak, prestakuntzarako laguntzak eta abar.

Prestakuntza hori Lanbideren batzorde teknikoetan adostutakoa da, Confebask-ekin, UGTrekin eta CCOOrekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak