Ardilatxa marka berritua aurkeztu du Arkidek

Leire Kortabarria 2012ko eka. 5a, 17:19

Ardilatxa marka ezagunaren diseinua eguneratu du Arkide kudeatzaileak. Elkarte horrek Ardilatxaren salmentatik lortzen duen dirua Euskal Herriko artzaintza hobetzera eta ardi latxa babestera zuzenduko ditu. Produktu horietako bat Ternua markako elastikoa izango da.

Auto askoren atzealdean bidaiatzen duen ardi horri adarrak eta buztana atera zaizkio, eta artile latzagoa erakusten du orain, gainera. Horrela, gure herrialdeko ardi latxaren antz handiagoa du. Horixe dio Ardilatxaren kudeatzaileak, irabazi asmorik gabeko Arkide elkarteak, hain zuzen ere. Arantzazuko Gomistegi baserriko egoitzatik, Euskal Herriko artzain jarduera ikertzea eta zenbait hobekuntza egitea ditu helburu elkarteak, hemengo arraza, ardi latxa, babesten laguntzeko.

Izan ere, ardi latxa oinarri izan duen ohiko artzaintza, herrialde honetako paisaiari halako forma berezia eman dion jarduera hori, arriskuan jarri du arraza artifizialekin lotutako sistema industrializatuen sarrerak; sistema horietan, ukuiluan daude ardiak denbora guztian, esne-produkzioa handitzeko.

Bere misioan, artzain gazteek osatutako Etxola elkartearen eta beteranoen Artzain Kontseiluaren laguntza izango du Arkidek. Hitzarmen batzuk ere egin ditu, tartean Felix Rodríguez de la Fuente Fundazioarekin edo Basque Culinary Centerrekin.

Ternua kamiseta

Irudi berriaren lehen euskarriak autoetarako eranskailu ezaguna eta Ternua markaren babesean salduko den diseinuaren elastiko bat dira.

Euskarri berri horiek webgune berrian eskura daitezke: www.latxakluba.org; Facebook-en ere badago. Gainera, Ardilatxaren produktuen salmentan eta jardueretan parte hartu nahi duten guztiek Ardi Latxaren Lagunen Klubeko kide egiteko aukera dute bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak