"Hau ez da krisi ekonomiko soila, sistemaren krisia baizik, eta horri buelta emateko beste antolaketa bat planteatzen dugu"

Txomin Madina Milikua 2012ko eka. 4a, 23:00

Alternatibak, Aralarrek, EAk eta Ezker Abertzaleak euren proposamena sozioekonomikoa aurkeztu dute gaur arratsaldean Arrasaten egindako hitzaldian. 'Irtenbidea badago. Eraldaketa soziala eta burujabetza' lelopean burutu den hitzaldian, Aralarko Rebeka Uberak eta EAko Maider Otamendik egin dute berba, eta proposamen sozioekonomiko horren ardatzak eta planteatzen dituen neurriak aurkeztu dituzte.

"Irtenbidea badagoela erakutsi gura diogu jendeari; daukagun sistemaren krisi honen aurrean beste eredu bat planteatzen dugu, Euskal Herriak jendearen ongizatea bilatzen duenbeste eredu bat izan dezan" azaldu du Rebeka Ubera Aralarko batzarkideak Arrasaten eman duen hitzaldian.

Bere esanetan, egungo egoerari aurre egiteko eta burujabetzara bidean ezin gara eskuak gurutzatuta geratu, eta mundu mailatik Euskal herrirako diagnostikoa egin ostean, beste garapen eredu baten oinarritutako neurri zehatzak proposatzen dituzte. "Hau ez da krisi ekonomiko soila, sistemaren krisia baizik, eta horri buelta emateko beste antolaketa bat planteatzen dugu" azaldu du Rebeka Uberak.

Hala, krisi ekonomikoari aurre egiteko sare produktiboan zentratzea proposatzen dute, hasi lehen sektoretik eta hirugarren sektoreraino. Sistema publikoa bestalde, motor bezala planteatzen dute, eta zentzu horretan, fiskalitateari eta herritarren beharrei erantzungo dieten zerbitzu sozialetan indarra egin beharra dagoela gaineratu. Krisi ekologikoari aurre egiteko eskualdeetan eta euren baliabideetan zentratu beharra nabarmentzen dute, beti ere kontutan hartuta baliabide horiek mugatuak direla.

"Jendea kontziente da beste antolaketa eredu bat posible dela"

Rebeka Uberak gaineratu du orain arte kea saldu digutela, ekonomia irreal eta oparotasun faltsua batean oinarritutakoa, eta jendearekin lan pedagogikoa egin beharra ere azpimarratu du. Dena den, bere esanetan jendea kontziente da beste antolaketa eredu bat posible dela, tokian tokikoan zentratuko dena, baina ahaztu gabe nazioartean kokatutako herrialde bat garela. "Euskal Herrian beti izan dugu auzolana, kolektibotasunean antolatzeko modu bat eta iruditzen zaigu jendea kontziente dela" esan du Uberak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak