"Segurtasun aldetik, dirua ondo dago bankuan"

Leire Kortabarria 2012ko eka. 4a, 13:36

Bankiaren egoerak eta horren ondorioek beldurra piztu dute askorengan. Mondragon Unibertsitateko irakasle Alvaro Ispizuaren esanetan, ordea, dirua "ondo dago bankuan".

Bestalde, Europak murrizketak, zerga igoerak eta erreformak egitera behartuko du, eta hori "gogorra, baina beharrezkoa" izango dela iragartzen du: "Gakoa zera da: arazoei aurre egiteko gaitasuna eta borondatea dugula", esaten du.

-Egunotan esnatu gara Espainiaren arrisku-primaren beste errekor batekin: 500 puntutik gora. Dirua bankutik ateratzeko momentua iritsi da?
Bueno, afari baterako behar badugu, bai. Segurtasun aldetik dirua ondo dago bankuan. 
-Europako Bankuak ez du ontzat eman Espainiak proposatutako bono emisioa. Zein izan daiteke hurrengo pausoa, zure ustez? Nondik joan beharko litzateke Espainiako Gobernuaren politika finantzarioa?
Finantza-merkatuetan tentsio handiak daude. Finantz-panikoa sortu da eta estatuak ezin du lortu merkatuetan finantzaketa. Aintzinako pezetarekin posible zen diru gehiago jaulkitzea, baina diru-makina Europan dago eta iparraldeko estatuek baldintza gogorrak jarriko dituzte laguntzaren truke. Espainak murrizketa gehiago jasan beharko ditu merkatuko mesfidantza honengatik eta bakarrik murrizketa konpromisoak ikusi eta gero aterako du Merkelek diru-zorroa.

-Egunkari batzuetarako idatzi duzun artikuluan diozu ez dela korralitorik izango. Baina jendea kezkatuta dago. Bankuek esaten dutena sinisgarria da?
Nire ustez, ez da egongo korralitorik. Inori ez zaio komeni Espainia edo Italia jaustea. Zerga igoerak eta gastu murrizketak egongo dira eta, neurri horiek hartu eta gero, Europako laguntzak onartuko dira. Epe luzera begira, euroko erakundeak aldatu egin behar dira. Geroan Europako Banku Zentralak (EBZ) beste banku zentralek bezala jokatu beharko du eta honelako krisialdietan dudarik gabe eta bilera askorik gabe konpondu beharko du egoera. Europako banku-sistema integratzeko bankuen ikuskaritza eta deposituak bermatzeko fondoa Europan zentralizatu beharko da.

-Bankiaren porrotak banku eta aurrezki kutxen sare osoa arrastatuko du berarekin?
Atzerriko bi kontsultore izendatu dute banku bakoitzaren egoera aztertzeko. Horretaz gain, beste bi auditore ere izendatuko dituzte. Nire ustez, hori nahikoa izango da aktibo toxikoak identifikatzeko eta konfiantza-arazoa konpontzeko. Ikuskaritza horiek aktibo toxikoak identifikatuko dituzte eta kapitalaren beharrak kalkulatuko dituzte. Gero, kapital-ekarpenak egin beharko dira. Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) eta EBZk lagunduko dute, baina ekarpen gehiena Espainiako estatutik etorri beharko da. Zaila izan arren, inbertsore pribatuen dirua ere bilatuko da. Halere, Bankiaren esperientziarekin bankuen akzio berriak erostea ez da oso aukera erakargarria izango Espainiako inbertitzaile txikientzat. Banku batzuk itxi egin beharko dira eta geratzen diren bankuek sukurtsalen soberakina itxi egin beharko dute negozioaren marjina hobetzeko.

-Esaten dute Espainia ez dela hondoratuko, horrek eragina izango lukeelako Europako Batasun osoan. Erreskate bat egongo da, orduan, zure ustez?
Estatuak ezin du lortu finantzaketa interes-tasa normaletan, eta Europako laguntza beharko du. Bestalde, bankuek baliabide propioak beharko dituzte eta kapital-ekarpenak beharko dituzte martxan jarraitzeko. Horregatik Europako laguntza lortuko dute eta baita NDFren laguntza ere, finantza arazo horiek munduan zehar hedatu daitezkelako.

-Aurrekoan telebistan Greziaren inguruko erreportajea eman zuten. Hango jendeak esaten zuen Espainia Greziaren bide beretik zihoala. Hala da?
Zor publikoaren finantzaketa arazo larrian dago eta, Europako laguntzak jasotzeko, defizit publikoa konpontzea eskatuko digute. Beraz, gastu murrizketa kaltegarriak egongo dira eta zerga igoera handiak ere. Grezia egoera larriagoan zegoen eta ajuste handiagoa behar zuen, baina Espainia handiegia da eta gure defizit publikoa finantzatzea ez da oso erraza. Horregatik, arazoaren konponbidea barrutik irten behar da nagusiki, kanpoko laguntzak mugatuak izango baitira.

-Zeintzuk dira momentu honetan Espainiak dituen arazo finantzario eta ekonomiko larrienak: Bankia, sektore publikoaren larregiko gastua, lehiakortasun falta…?
Arazoen sustraía lehiakortasun faltan dago. Produktibitatea igo behar da edo soldatak jaitsi. Eurostaten arabera, azken hiru urteotan ekoiztutako unitate bakoitzeko personal gastua %2,7 merkatu da eta, denbora tarte berean, Alemanian %4,6 garestitu da. Halere, oraindik askoz gehiago aurreratu behar da arlo horretan Alemaniarekiko distantzia txikitzeko. Produktibitatea hobetzen bada eta esportazioak are gehiago hobetzen badira, bide onetik ibiliko gara. Enplegua sortuko da, eta hazkunde ekonomikoarekin defizit publiko eta kreditu hipotekarioen kaudimen gabeziak txikituko dira.

-Askotan esan da Euskal Herria Espainia baino askoz hobeto dagoela. Zuk ere hala ikusten duzu?
Euskal Herria lehiakortasunean aurretik doa, ekonomiaren egitura dibertsifikatuagoa dago eta ez dago eraikuntzaren sektorearen mende, estatua bezala. Langabezia tasa askoz txikiagoa da eta finantza publikoak osasuntsuago daude. Bestalde, banku eta kutxek ez dute hainbeste arazorik eta ez dute galdu hainbeste diru negozio inmobiliario espekulatiboetan. Hala ere, Espainia merkatu garrantzitsua da Euskal Herriarentzat eta estatuko eragina nabaritzen dugu. Atzerrira begira, gure bankuak Espainiakoen antzerakoak ikusten dituzte, eta finantzaketa arazo parekoak aurkitzen ditugu Europako merkatu interbankarioan.

-Zuk diozu oraindik badagoela moneta-erreformak egiteko marjina. Espainiako Gobernuak hori aprobetxatuko duela uste duzu?
Europako estatu gehienek finantza arazoak dituzte eta Europako erakundeek askoz hobeto aprobetxatu behar dute dagoen denbora marjina. Euroko erakundeen lan egite modua aldatu behar da, eta beste banku zentralek bezala jokatu beharko dute finantza arazoak denbora txikian konpontzeko.

-Espainia interbenitzea erabakiko balu Europak, zer gertatuko litzateke? Hori ona edo txarra izango litzateke guretzat?
Ziur aski Espainiak laguntza beharko du. Egia esan, abenduan ere Espainiako eta Italiako bankuek EBZren likidezia eskaintza aprobetxatu zuten, eta hori laguntza baten bezalakoa izan zen.
Interbentzioa bi aldeetatik onartu beharko da. Espainiak dirua eskatuko du bere zorra finantzatzeko eta bankua kapitalizatzeko, eta Europak erreformak eskatuko ditu defizit publikoa murrizteko eta lehiakortasuna hobetzeko.
Eskatutako murrizketak, zerga igoerak eta erreformak gogorrak izango dira, baina beharrezkoak izango dira arazoak konpontzeko. Gakoa zera da: defizit publikoari eta bankuen arazoei aurre egitego gaitasuna eta borondatea dugula eta, bestalde, ekonomiaren hazkundea lortzea.

-"Euroa aldatu egin beharko litzateke", esaten duzu. Zelako euroa izan beharko litzateke? Eta zeintzuk egon beharko lirateke euroan?
Gure EBZen helburua inflazioa kontrolatzea da. Ameriketako Estatu Batuetan eta herrialde gehienetan helburu bikoitza dago: inflazioa eta hazkundea. Hazkundea oso garrantzitsua da enplegua sortzeko eta zorraren pisua gutxitzeko. Bestalde, inflazioaren helburua %2tik %4ra handitzen bada, zorren kostu erreala gutxituko da eta zordunentzat ona izango da. Bankuen kaudimen gabezia txikituko litzateke. Zor publikoak, termino errealetan, pisu txikiagoa edukiko luke eta arrisku-prima txikituko litzateke.
Beharbada, bi moneta sortu daitezke: euro indartsua, sistema zaharrarekin, eta euro ahula, sistema berriarekin. Estatu gehienak euro ahulean egongo lirateke: Espainia, Italia, Frantzia… Bestalde, euro indartsuan Alemania legoke eta, beharbada, Austria, Holanda…

-Alemaniaren erabakien esku geratuko da Europako ekonomia?
Alemaniarekin edo Alemaniarik gabe, moneta erreformak egin behar dira. Alemania inflazioaren oso beldur da,   eta erabaki egin beharko du: euro indartsu bat eduki ala moneta bakar bat konpartitu bere merkatal bazkide nagusiekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak