EAJ pozik dago Europak "errauste-planta babestu" duelako

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko mai. 25a, 21:00

Xabier Ezeizabarrenaren ustez, "Europak zabortegien itxiera eskatu du eta, beraz, Bilduren jarrera okerra ulertezinagoa da". Era honetan, atzo Europako Parlamentuak hiri hondakinen gainean hartutako erabakiaren beste interpretazio bat egin du, Bilduk egin duenarekiko.

Europako Parlamentuak eskatu du zabortegiak pixkanaka-pixkanaka ixteko eta birziklatu daitezkeen materialak errausteari uzteko. Ondorioz, EAJren batzarkide Xabier Ezeizabarrenaren ustez, "egindako eskariak Gipuzkoan indarrean dagoen arauari babesa ematen dio, nahiz eta Bilduk aldatu nahi duen". Ildo beretik, Ezeizabarrenak honakoa esan du: "Europak babesa eman dio egungo hondakinen kudeaketa-sistemari; hots, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plan Orokorra arautzen duen foru-arauari".

Zabortegiak itxi

Era berean, EAJren hautetsiak segidakoa azpimarratu du: "Europa zabortegiak ixtearen alde dago. Horrek, baliabideak eraginkortasunez erabiltzeko helburuarekin batera, babesa ematen die hondakinen balorizazio energetikorako instalazioei, hondakinen hondarrak errausteko; alegia, gure taldeak hasieratik defendatu izan duena. Hau da, birziklatu eta konpostatu ezin daitezkeen hondakinak errausketa-instalazioen bidez energia bihurtzea, Europak agindutakoari men egitea da".

"Bilduren jarrera okerra agerian"

Europako Parlamentuaren erabakiak, Xabier Ezeizabarrenaren ustez, "Bilduren jarrera okerra agerian uzten du; izan ere, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plan Orokorra zalantzan jartzen dute eta, gainera, EA alderdiaren presidente Pello Urizarren adierazpenak kolokan jartzen ditu, alabaina, adierazi zuenez, Europak hondakinik ez errausteko eskaria egiten zuen".

Balorizazio energetikoa

Halaber, Xabier Ezeizabarrenak honakoa gogoratu du: "Baldin eta balorizazio energetikoari buruz hitz egin nahi badugu, 2009. urteko urtarrilaren lehenetik aurrera balorizazio energetikorako instalazio berriak martxan jartzeko energia eraginkortasunaren indizeak 0,65koa izan behar du. Are gehiago, Gipuzkoako errausketa-instalazioaren indizea 0,7koa da eta, gainera, birziklatu eta konpostatu ezin daitekeen zaborra tratatuko da".

"Gipuzkoarroi iruzurrik ez"

Hori dela eta, jeltzaleak Bilduri eskatu dio, "gipuzkoarrei iruzurrik ez egiteko; izan ere, mekanika zein biologiazko tratamenduak hondakinak erregai bihurtzen ditu eta hondarra errauste-planta batera eraman beharko litzateke energia sortzen saiatzeko. Hori da, hain zuzen, Europak zehazki esaten duena".   

Birziklatzeko deia

Honenbestez, jeltzaleen hautetsia pozik dago, "alta, eurodiputatuek eskatu dute, baliabideei erabilera eraginkorra emateko eta berriro erabili ahal direnak baliatzeko". Gainera, herritarrei dei egin die birziklatzen jarraitzeko; izan ere, "guztion erronka da eta adostasuna, formazioa eta kontzientziazioa eskatzen du".

Kudeaketa plan zehatzak

Azkenik, Xabier Ezeizabarrena ados dago, "hondakinak gutxitzeko eta hobeto tratatzeko helburuarekin. Horretarako, kudeaketa plan zehatzak eta errealitatearekin bat egingo dutenak abian jarri behar dira, birziklatu daitekeena hobeto erabiltzeko eta erabili ezin daitekeena egoki ezabatzeko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak