Errauste plantak eta zabortegiak ixtea eskatu du Europako Parlamentuak

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko mai. 25a, 10:58

Birzikla daitezkeen materialendako errauste plantak 2020ra bitartean ixten joatea eta zabortegiak apurka-apurka debekatzea erabaki du gaur, osoko bilkuran, Europako Parlamentuak. Hain justu ere, erabaki du eskatzea Europako Komisioari bultza ditzala legeak errauskailuak eta zabortegiak ixteko, betiere 2020ko muga jarrita. EAJko eta PPko euskal euro-parlamentariek, Mayor Orejak, Iturgaitzek eta Izaskun Bilbaok, aldeko botoa eman dute.

Europako parlamentariek ulertzen dute, natura baliabideak modu efizientean erabiliz gero, Europaren hazkunde ekonomikoa bultzatzeaz gain, ingurumena babesten dela. Eta, honekin lotuta, ingurumenarendako kaltegarriak izan daitezkeen diru laguntzak saihestea eskatuko diote europarlamentariek Europako Komisioari.

Zabortegiak debekatu

Txostena onartu dute aldeko 479 botorekin, 66 kontrakorekin eta 63 abstentziorekin. Alde bozkatu dute PPko eta EAJko euskal parlamentariek. Europako Komisioari eskatzen zaio 2014a baino lehen aurkez ditzala proposamenak pixkanaka-pixkanaka hiri hondakinak jasotzeko zabortegiak itxi edo debekatzeko.

Europako parlamentuak dio produktuak egokiago diseinatuz gero, industria eta kontsumitzaileak irabazle atera daitezkeela. Zentzu honetan, eskatu dute produktuen biziraupena luzatzeko, birziklatzeko eta materialak berrerabiltzeko, politikak eta legeak bultza ditzala Europako Komisioak. Bestalde, produktuek etiketetan ingurumenari egin ahal zaion kaltearen gaineko informazioa jasotzea ere eskatu dute.

Oro har, baliabideen erabilpen egokiarendako plana bultzatzea da gaur onartu den txostenaren izpiritua.

Ingurumena kalte dezakeen planak diruz laguntzea saihestea ere eskatu dute europarlamentariek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak