Kutxabankek ere parte hartuko du Hipoteken Bitartekotza Zerbitzuan

Leire Kortabarria 2012ko mai. 22a, 13:55

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, "Kutxabankek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren kezkarekin bat egiten du", hipoteka ezin ordaindu eta etxebizitza galtzen dutenen arazoaren inguruan. Hori dela-eta, Hipoteken Bitartekotza Zerbitzua martxan jarri eta garatzeko lankidetzan aritu nahi du Jaurlaritzarekin. Horretarako, lankidetza-akordio bat sinatu dute gaur Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak eta Mario Fernández Kutxabankeko lehendakariak.

Bitartekotza zerbitzuaz baliatu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

- Etxebizitza ohiko etxebizitza eta onuradunek jabetzan daukaten bakarra izatea.

- Etxebizitzaren balioa ez izatea 350.000 eurotik gorakoa.

- Erasandako pertsonek erakunde mailegu-emailearekin akordiorik lortu ez dutela egiaztatzea.

Euskal administrazioak baldintza horiek betetzen diren egiaztatzeko egin beharreko egiaztapenak egiteko konpromisoa hartu du.

Bestalde, zordunekin akordiorik lortzen ez den kasuetan, Kutxabankek hilabeteko epea emango du Hipoteken Bitartekotza Zerbitzuak banakako proposamena egin dezan, erasandako pertsonek zorra modu ordenatuan kitatzeko. Kutxabankek hilabeteko epe horretan erreklamazio judizialik ez egiteko konpromisoa hartu du.

Kutxabankek, bitartekotza-zerbitzuak prestatutako banakako proposamena jasotzen duenean, proposamen hori aztertuko du, baina proposamena ez da loteslea izango erakundearentzat.

Jarraipen-batzorde batek aztertuko ditu akordioaren garapenean sortzen diren arazoak. Hitzarmena 2012ko abenduaren 31 arte egongo da indarrean, baina bertako klausula baten bidez, bi aldeak ados egonez gero, beste urtebetez luzatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak