Fagorreko bazkideek soldatak %5 eta %8,81 artean jaistea onartu dute

Goiatz Arana Begiristain 2012ko mai. 23a, 10:29

Fagor Etxetresna Elektrikoetako eta Fagor Elektronikako langileentzat izango da soldata jaitsierarik handiena (%7,57 eta %8,81, hurrenez hurren); taldeko gainontzekoetan %5 egingo dute behera. Fagor Taldea osatzen duten bazkideen %76k babestu dute neurria azken asteetan egindako batzarretan; taldeko batzar nagusian berretsiko dute erabakia gaur, eguaztena, 11:00etan.

6.250 bazkide ditu egun Fagor Taldeak eta gehiengo zabalak onartu du soldatak jaistea, %76k, krisiari aurre egiten laguntzeko neurri moduan. Fagor Etxetresna Elektrikoak eta Fagor Elektronika dira taldea osatzen duten zortzi lantegien artetik egoera zailena pairatzen ari direnak eta horietan, hain justu, jaso du proposamenak babes handiena: %90,5 eta %87 aldeko boto, hurrenez hurren.

Soldata jaitsiera ez da berdina izango lantegi denetan, krisiak gogorren kolpatu dituenetan beherakada handiagoa izango da gainerakoetan baino. Hala, Etxetresna Elektrikoetako eta Elektronikako bazkideek onartu dute euren soldatak %7,57 eta %8,81 jaistea; gainontzekoetakoek (Fagor Arrasate, Fagor Industrial, Fagor Ederlan, Fagor Automation, Copreci eta Mondragon Assembly), %5, 2012ko maiatzetik 2013ko apirilera. Lehendabiziko bietan, 15 eta 2,5 milioi euroko laguntza jasoko dute taldeko beste lantegietatik.

"Beste elkartasun keinu bat"

Fagor Taldeko iturrien arabera, bazkideek erakutsitakoa "elkartasun keinu bat gehiago" da, izan ere, ez da aparteko ordainsariei uko egitea edo soldatak jaistea onartzen duten lehen aldia. Lantegi batzuk, gainera, nahiko ondo ari dira aurre egiten krisiari eta, horietan soldatak jaistea ezinbestekoa ez bada ere, euren soldatetan ere jaitsiera aplikatzea onartu dute taldeko beste lantegiei laguntzeko helburuarekin.

Etxetresna Elektrikoak

Fagor Etxetresna Elektrikoetakoetako langile talde bat (administrazioan eta ingeniaritza alorren dihardutenak, bereziki) enplegu erregulazioko espediente batean murgilduta dago; aurreko hilean hartu zuten erabakia eta asmoa da irail bukaerara arte egotea indarrean. 80 langile, bestalde, lantegitik irtengo dira, aurretiko erretiroen bitartez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak