"Banketxeei epaitegietan irabaztea posible dela argi geratu da"

Leire Kortabarria 2012ko mai. 21a, 14:29

Hiru debagoiendarrek banketxe batzuk salatu zituzten 'swap' produktua dela-eta; orain, epaileek arrazoia eman diete, eta bankuak zigortu dituzte.

Herritar arruntak dira, eta pentsaezinekoa lortu dute: epaitegietan bankuei irabaztea. Bi urte iraun duen prozeduraren ondoren, Aitziber Uribetxebarriak, Gaizka Bolinagak eta Ignazio Bediak arrazoi dutela eta eurek salatzen zituzten bankuek informazioa ematerakoan "akatsa" egin zutela erabaki dute epaileek.

Euren arazoa egun batetik bestera hasi zen, ohiko banketxeko ohiko bulegoetan. Banketxearekin produktu bat kontratatzeko dokumentuak izenpetzerakoan –hipoteka–mailegu bat, kasu–, eskaintza bat jaso zuten, ustez "asegurua" zena eta inongo arriskurik ez zuena. Euren esanetan, oso denbora txikian jaso zituzten azalpenak. Izenpetu egin zuten eta lasai joan ziren. Baina, handik gutxira, hilero-hilero, kargu handiak jasotzen hasi ziren, milaka euroko karguak. Ikertzen hasita, jakin zuten swap izeneko produktu eratorri bat zeukatela, eta ez zela ez aseguru bat, ez, are gutxiago, arrisku txikiko produktu bat ere: aitzitik, oso arrisku handiko produktu bat zen, mundu osoko bigarren mailako interes-tipoen merkatuetako subastatan jokatzen zena. Abokatu batekin harremanetan ipini ziren eta, azkenean, salaketa ipini zieten banketxeei.

"Onarpen-akatsa egon da"

Auzitegi-prozedura guztiek epai berdina izan dute: "onarpen-akatsa" egon dela, hau da, banketxeek –Santander eta Guipuzcoano– ez zutela bezeroa ondo informatzeko euren legezko betebeharra ondo bete, eta bezeroek kalte ekonomiko larriak izan dituztela horren ondorioz. Swap-en ondorioz galdutako diru guztia bueltatu eta epaiketek ekarri dizkieten gastuak ordaindu beharko dizkiete bankuek hiru debagoiendar horiei.

Kasu asko daude

Euren abokatu Ruben Cuetok dioenez, lorpen handia da honakoa, eta Deba ibar osoan antzeko "kasu asko" daudela esaten du. "Banketxeen aurrean ere, epaiketa irabazi daitekeela argi geratu da", esaten du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak