Garaiako TelePresentzia gela eta zerbitzua aurkeztu dituzte

Goiatz Arana Begiristain 2012ko mai. 17a, 15:08

Munduko beste toki batzutan dauden enpresa, zerbitzu edo pertsonekin biltzeko, jada ez da beharrezkoa fisikoki mugitzea; Skype edo bideo-konferentzia bidez egin daiteke eta, orain, baita TelePresentzia zerbitzu berriaren bitartez ere. Azken bide hori erabiltzeko aukera eskaintzen duen gela eta zerbitzua jarri dituzte Arrasateko Garaian eta goizean egin dute aurkezpena. Andoni Gartzia zuzendariak esan du helburua ez dela negozio bide berri bat irekitzea, berrikuntza gunearen eskaintza osatzea baizik.

Ez zegoen TelePresentzia gela eta zerbitzua aurkezteko modu hoberik, adibide batekin egin baitute: Arrasate, Madril, Londres, Shangai eta Bartzelonan zeuden pertsonek bilera moduko bat egin dute, TelePresentziaren ezaugarrien berri emateko eta zerbitzu horrek euren eguneroko jardunean ze eragin izan duen azaltzeko. Guztiak mahai beraren bueltan eserita zeudela zirudien, elkarri eskua emateko moduan, kalitatezko irudi eta soinuarekin eta interferentziarik gabe. Cisco TelePresence plataforman oinarritutako zerbitzua da, Unitronics partner-ak instalatutakoa.

Negozio-bidaietan %30 gutxiago gastatzeko aukera

TelePresentziak dirua eta denbora aurrezteko aukera ematen du. Izan ere, espainiar estatuko enpresek, urtean, bataz beste, 13.000 milioi euro gastatzen dituzte negozio-bidaietan –hirugarren gasturik handiena da, pertsonal eta ikerkuntza eta berrikuntza arloen ondotik–, eta TelePresentziaren bitartez posible da gastu hori %30ean murriztea. Ildo beretik jarraituz, parte-hartzaileek azpimarratu dute egungo egoera ekonomikoarekin inoiz baino garrantzitsuagoa dela negozioa munduan zehar zabaltzea eta erreminta berri honek nazioartekotzea erraztu egiten duela. "Han egon, hemen izateko" gehitu du Andoni Gartzia Garaiako zuzendariak.

Kasu erreal bat

Zerbitzuen alorrean lan egiten duen pertsona batek bere esperientzia kontatu du; esan du 140 herrialdeko eremua ukitzen duela bere jardunean eta, horietara errazago mugitze aldera, Londresera joan zela bizi izatera; lau astetik hiru bidaiatzen ematen zituela lehen eta, orain, TelePresentziaren bitartez, bakarra.

Bi urte funtzionamenduan

TelePresentzia zerbitzua ez da berria Arrasateko berrikuntza gunean. Bi urte daramatza funtzionamenduan eta biosferako jendearekin 40 bilera baino gehiago egin dituzte denbora tarte horretan. Gartziak azaldu duenez, ez da negozio bide berri bat izateko ideiarekin jaio, berrikuntza gunearen eskaintza osatzeko xedearekin baizik eta helburua da egunean bi orduz martxan egotera ailegatzea.

Prezioa: 250 eurotik 420era

Erabilera bakoitzeko 250 eta 420 euro bitartean ordaindu beharko dira; bileraren iraupenak, erabiltzen den monitore kopuruak eta nazio edo nazioarte mailan egiten den, faktore horien arabera prezio bat edo beste izango da.

Garaiako azpiegitura edonork erabili ahalko du: enpresa handi, ertain eta txikiek, zerbitzuek nahiz norbanakoek. Behin eskaera eginda, Garaiatik bertatik kudeatuko dute agenda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak