Zergatan gehiago batzeko neurriak proposatuko ditu Aldundiak

Leire Kortabarria 2012ko mai. 17a, 12:04

Gipuzkoaren diru-kutxak zuloa izaten jarraitzen du, eta diru gehiago batzeko neurriak iragarri ditu Foru Aldundiak. Apirilera arte, Gipuzkoan, joan den urtean baino %9,9 gutxiago batu da zergatan, sarrera gordinak %4,5 murriztu direlako, eta %8,0 gehiago itzuli duelako Ogasunak. Horren berri eman zuen Helena Franco Ogasun eta Finantzetako diputatuak atzo.

Sarreren atala Foru Aldundiarendako "funtsezkoa" dela berretsita, Francok udal zerga, sozietateen gaineko zerga eta aberastasun handiei ezarritako zerga handitu nahi dituztela esan zuen, eta hori maiatz amaieratik edo ekain hasieratik aurrera izango dela. Batzar Nagusiei proposatuko dizkiete neurri horiek.

Helena Francok dei egin zien oposizioko alderdiei "arduraz" joka dezaten diru-bilketari dagokionean. “Ezin dira etengabe gastuen gehikuntza eskatzen egon, eta aldi berean diru-bilketa lortzeko asmoz egiten den edozein ekimen gutxietsi eta oztopatu”, adierazi zuen prentsaurrekoan.

Aurreikuspenak betetzea, "oso zaila"

Aipatutako %9,9ko murrizketa, zati batean, egoera ekonomikoaren isla dela esan zuen Ogasun diputatuak, baina gogorarazi zuen badirela, baita ere, hori neurri baten eragin duten hiru aparteko gertaera: Roverren itzulketa apirilean egin izana, BEZaren lurralde arteko doiketen murrizketa eta Errenta Zergaren itzulketak aurreratu izana.

Dena dela, Foru Ogasunak esan du, martxora arteko datuekin konparatuta, egoera ez dela nabarmen aldatu, eta, orduan esan bezala, "aurrekontuko aurreikuspenak betetzea oso zaila" izango dela eta "zuhurtziaz" jokatu beharko dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak