Latxa Esnea Kooperatiba jaio da

Goiatz Arana Begiristain 2012ko mai. 16a, 13:00

Euskal Herriko hogeita hamar bat artzainek, Maider Unda borrokalari aramaioarrak tartean, indarrak batu dituzte ardi latxarekin lan egiten duen artzainen lehen kooperatiba sortzeko. "Ardi latxa duten ustiategien zerbitzura dagoen lantresna" da eta esnea elkarrekin saltzea du helburu, ekoizle eta gaztandegien arteko oreka lortuz.

Hilabetetan lanean jardun ostean, iritsi dira lehendabiziko fruituak. Horien artean esanguratsuenak Asteasuko (Gipuzkoa) Goine SC eta Basaburuako (Nafarroa) Dorrea Gaztandegiarekin sinatutako esne kontratuak. Kontratu horiek baldintza batzuk zehazteko aukera eman diete kooperatibako kideei, prezioa eta ordainketarako epeak tartean, eta hori erabat berria da sektorean, izan ere, artzainak "ziurgabetasunean oinarritutako baldintzetan lan egitera ohituta" egon dira.

Sorrera

Kooperatibaren sorrera "ardi esne sailak aurreko urtetako kanpainetan bizi izan duen egoera zailaren baitan" kokatu dute bultzatzaileek: "Latxa artaldeak dituzten artzainek esnea biltzerakoan arazoak izan dituzte eta baita ekoizpen kostuak ordaintzeko ematen ez duten prezioak jaso ere".

Helburuak

Kooperatibaren helburu nagusienetariko bat esnea batera saltzea da, "gaztandegiei kalitatezko esnea eta kantitate finko bat eskainiz", baina kooperatibak ez du baztertzen esnearekin bestelako produktuak sortzeko aukera ere. Era berean, artaldetik eratorritako bestelako produktuen salmenta bateratua bultzatuko du Latxa Esneak eta kooperatibako kide direnen eguneroko lanerako beharrezkoak diren tresnen erosketa bateratua ere ahalbidetuko du. "Helburu guzti horiek jarraituz, ustiategien bideragarritasuna hobetzea da asmoa".

Kooperatibako kideek sektorearekin lotutako erakunde zein elkarte ezberdinek emandako babesa eskertu dute: Eusko Jaurlaritzarena eta foru aldundiena, tartean.

Atzo, martitzena, egin zuten Latxa Esnearen aurkezpena eta bertan izan zen Maider Unda borrokalari aramaioarra. Bera da kooperatibako kide bakarra ibarrean, oraingoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak