'Ekaitza' filma Huhezinemako Euskarazko Film Labur Onena

Usoa Agirre 2012ko mai. 12a, 11:27

Film Labur Onenaren saria eta Produkzio Onenarena jaso ditu 'She's lost control' film laburrak. Ikasleek egindako film onena 'Maskarak' izan da.

Martitzenean hasi zen Euspot lehiaketako sari-banaketarekin eta atzo, eguena, amaitu zen aurtengo Huhezinema, Euskal Film Laburren V. Jaialdia. Aurrez epaimahaiak aukeratutako 10 finalisten lanak erakutsi zituzten Aretxabaletako Arkupe kultura etxean eta ondoren egin zen sari-banaketa ekitaldia. Eguaztenean, berriz, ikasleen lehiaketara aurkeztutako dokumental eta fikziozko lanak erakutsi zituzten Huhezin eta Asier Altuna zinegilearen hitzaldia izan zen ondoren.

Epaimahaiak hala erabakita, Ekaitza film laburrarentzat izan da aurtengo Euskarazko Film Labur Onenaren saria (Goiena saria); 1.000 euro jaso ditu Alberto Gastesi zuzendariak. Donostia euritsu eta hotz batean kokatua dago filma, eta neska eta mutil bat kalean gurutzatzean sortzen da istorioa.

Film Labur Onenaren saria eta Produkzio Onenarena (Eiken saria) film bakarrak jaso du, Haritz Zubillagaren She's lost control-ek. 600 euro eta urtebeteko Eikenerako bazkidetza kuota irabazi ditu.

Ikasleen lehiaketari dagokionez, epaimahaiak Maskarak filmari eman dio saria: 500 euro jaso dituzte Ander Bolibarrek, Ariane Irazustak, Miren Ormazabalek eta Oihan Vitoriak. 

Publikoaren sariak

Ikusleek hiru sari banatu dituzte. Lehiaketa ofizialeko laburren artean ikusleek aukeratu dutena Zeinek gehiago iraun filma izan da, Gregorio Murorena. 400 euro eta Patez Zubia saskia jaso ditu.

Ikasleen lanen dagokienez, bi sari eman dituzte ikusleek. Dokumental onenaren saria Maskarak lanak jaso du; labur onenarena, berriz, Ohartxoak lanarendako izan da.

Epaimahaia

Aitor Gutierrez eta Maialen Sarasua errealizatzaileek, Beñat Sarasola idazleak eta Miguel Gomez-Tejedor ekoizleak osatu dute aurtengo epaimahaia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak