San Pankrazio egunez, ikasleak lehian eta festan

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko mai. 10a, 16:34

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ikasle eta irakasleak San Pankrazio eguna ospatzen ari dira gaur, eguena. Goizeko ekintzekin motorrak berotuta, egun osoko egitaraua dute aurretik. Jada klasiko bihurtu den arrautza jaurtiketa egin dute eta, aurten lehendabizikoz, baita irrati-kontrol elektrikoko autoen lasterketa ere.

70 ikaslek hartu dute parte, 26 taldetan banatuta, Industria Diseinuko Arrautza Jaurtiketa Lehiaketan. Lehiaketaren helburua da unibertsitateko kideek, kartoi mehea, soka eta ukipen-kola erabiliz, jaurtiketan arrautza babestuko duen tramankulu bat diseinatzea, eta apurtu gabe, 15 metroko altueratik, arrautza urrunen botatzen duenak irabazten du lehiaketa.

Aurtengo irabazleak

Aurtengo irabazlearen tramankuluak 27, 5 metroko hegaldia egin du eta egileak hauexek izan dira: Enetz Txoman, Iñigo Mencias eta Jon Markinez. Hegaldi politenaren saria jaso dute Aiturbina taldeko kideek eta tramankulurik politenarenaren saria, berriz, Costileu returns taldeak lortu du.

Irrati-kontrol bidezko autoen lasterketa

Gainera, aurten, lehen aldiz, arrautza-jaurtiketako lehiaketaren ostean, ikasleek eurek diseinaturiko autoen lasterketa egin dute. Helburua bikoitza da: batetik, parte-hartzaileen ahalmen zientifiko teknikoak ebaluatzea eta, bestetik, lehiaketaren bitartez ikasleen artean motibazioa sustatzea. Ikasleek karbono- zuntzarekin sendoturiko material konposatuz egin dute karrozeria eta irrati kontrol elektrikoko autoak 1/18 eskalakoak izan dira. Abiapuntutzat plataforma estandar bat erabili dute, trakzio- eta direkzio-sistema osoa duena.

RedMUn taldea izan da bizkorrena, eta Montini taldeak irabazi du publikoaren saria.

Goiza borobil, arratsaldean gehiago

Bazkal aurretik coctail lehiaketa, Erasmusekoen hamaiketakoa eta txistorra pintxoak ere izan dituzte; eta eguerdian, bazkaria frontoian. Goiz eta eguerdi partean egindako ekintzen balorazioa positiboa da eta parte-hartzea ere handia izan da.

Bazkalostean, jokoak egingo dituzte frontoi txikian eta kontzertuekin jarraituko dute ospakizun eguna. Iluntzean, 20:00etan hasita, bost kontzertu izango dituzte, Azken aukera, Kryzer, Etorkizun beltza, Drop! eta Fiachras taldeekin. Ostean, parte hartu nahi duten guztiek aukera izango dute karaokean abesteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak