Iruñeko lan batek irabazi du Euspot euskarazko spoten lehiaketa

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko mai. 9a, 12:18

Iñaki Lasak egindako Merkataritzan da balioa izeneko spotak jaso du Euspot lehiaketaren lehenengo edizioko sari nagusia. Ondorioz, 1.800 euroko saria jaso du Lasak. MUko lanik onenaren saria, berriz, Bai jolasten eta bai erosten, euskaraz nahiago spotak jaso du, 800 euro irabazi dituzte horiek. Eta publikoaren saria jaso du Erosi euskaraz, bizi euskaraz spotak, 500 euro jaso dituzte horiek.

 

Euspot euskarazko spoten lehiaketa Artemanek, Mondragon Unibertsitateak eta Aretxabaletako Udalak elkarlanean eraman dute aurrera eta atzo izan zer sari banaketa. Guztira, 9 lan aurkeztu dira eta antolatzaileek lehiaketa egiten den lehenengo urtea izanda, balorazio positiboa egin dute.

Saridunak

Huheziko ikus-entzunezko ikasleen lanez gain, Iruñeko lan bat ere aurkeztu da lehiaketara eta horrek jaso du sari nagusia. Iñaki Lasa izan da irabazlea eta berak jaso ditu 1.800 euroak.

Epaimahaikideek azpimarratu zuten lan irabazlea teknikoki zuzena dela, suspense eta umore puntua daukala eta euskara erakargarri egiten duela. Eta Lasak pozik jaso zuen saria.

Sari nagusiaz gain, beste bi gehiago ere banatu zituzten. MUko lanik onenaren saria Bai jolasten eta bai erosten, euskaraz nahiago izeneko lanak jaso zuen eta horren sortzaileek 800 euro jaso zituzten.

Publikoaren 500 euroko saria, berriz, Erosi euskaraz, bizi euskaraz, egin euskaraz lanak irabazi zuen. Euspot.eu webgunean jasotako 322 botoengatik, hain zuzen. Guztira 1.000 boto inguru eman dira sarean eta antolatzaileak, esan moduan, lehenengo edizioarekin pozik gelditu dira.

Atzo Aretxabaletako Arkupen egin zen sari banaketaren ekitaldian, EITBn lan egiten duen eta Huheziko irakasle den Alex Arantzabalek hitzaldi bat eman zuen aurrena. Eta gero, Kepa Errasti Aretxabaletako aktoreak ere parte hartu zuen saioan.

Antolatzaileek esan ziguten, aurrerantzean ere horrelako lehiaketak antolatzen jarraitzeko asmoa dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak