UNED-Bergararen XI. Uda Ikastaroetan izena emateko epea zabalik

Goiatz Arana Begiristain 2012ko mai. 3a, 14:03

Goizean aurkeztu ditu Bergarako UNED-ek XI. Uda Ikastaroak. Diziplina anitzek eta 28 ikastarok osatzen dute aurtengo eskaintza, eta Osasuna da berritasuna. Ekainaren 13tik uztailaren 5era bitartean egingo dira, eta matrikula epea maiatzaren 26ra arte egongo da zabalik.

Ikastaro guztiak jakintzan sakondu eta osatzeko nahia dutenei edota birgaitu gura dutenei zuzenduta daude; profesionalei etengabeko formazioa ematea eta, era berean, lan aukera berriei atea zabaltzea ditu helburu formazio osagarri honek, eta urteroko hitzordu bezala finkatu da.

Bost arlo

Bost arlotan banatzen dira ikastaroak: Giza eta Gizarte-Zientziak (9), Linguistika eta Literatura (2), Hezkuntza eta Psikologia (11), Zientzia eta Teknologia (2) eta Osasuna (4).

Giza eta Gizarte-Zientziak

9 ikastaroz osatzen da. Aipatzekoa da, Datuen Babeserako Euskal Bulegoarekin lankidetzan antolatu den Videovigilancia, transparencia, Administracion electronica y nuevas perspectivas europeas de Proteccion de Datos ikastaroa. 10 orduko iraupena du eta esparru horretan indarrean dagoen araudia aztertuko du.

Ciencia y tecnologia en Euskal Herria en la antigüedad: de Oriente a Occidente a traves de Roma ikastaroak antzinaroko kulturek izandako garapen zientifiko-teknologikoa, Erromatar Inperioak jasotako ondare intelektuala eta baskoi eta auzokoei transmititutakoa aztertuko du.

Recordando a Claude Levi-Strauss: 50 años de “El pensamiento salvaje" izenekoan, autore horren lan antropologiko "iradokitzaileenetik" abiatuz, bere intuizio "bikainak" aztertu eta sakonduko dira.

Analisis de la crisis de la civilizacion industrial y propuestas de superacion ikastaroan, egungo zibilizazioak sortu dituen arazoak eta elkarrekin lotutako arazo horiek konpontzeko zibilizazio honek duen "gaitasun ezari" buruz hausnartuko da.

XVI mendean Euskal Herrian jasandako izurriteari buruzko ikuspuntu interesgarria emango du La peste a finales del siglo XVI y las crisis en Euskal Herria ikastaroak.

Noren eskuetan gaude? Crisis financiera, deuda publica y auditoria de la deuda ikastaroan, egungo egoera eta dauden aukerak aztertuko dira.

Linguistika eta Literatura

Curso-taller sobre nueva narrativa latinoamericana: mas alla del "boom latinoamericano”. Nuevos narradores argentinos y brasileños ikastaro-tailerra emango da, Argentina eta Brasilgo idazle gazteen eta sona handikoen lanen irakurketara hurbildu eta ipuin horien analisi kritikoa eginez.

Taller de escritura creativa. ¿Te gusta escribir? tailerrean, sormena landuko da eta lanerako eta norbere idatziak egiteko, aztertzeko eta orrazteko esparru egokia eskainiko da.

Hezkuntza eta Psikologia

Arlo hau hamaika ikastaroz osatzen da. 2 urteko haurrekin psikomotrizitate praktika eta hezkuntza: zergatik zer eta nola ikastaroan, psikomotrizitatea, hazkuntza eta bi urteko haurren prozesu psiko-afektiboa ulertzeko sistema estrategikoa aztertuko da.

Norberaren komunikazio-gaitasuna lantzeko tailerra ikastaroak aplikazio praktikoa izango du, jendaurrean hitz egiterakoan izan ohi diren arazoak identifikatu, diagnostikatu eta horiei aurre egiteko kontrola izateko.

Maltrato infantil: reparando juguetes rotos ikastaroak haurrei zuzendutako tratu txarrak, araudia eta programak, familiak esku-hartzeko eta heziketarako estrategiak eta baliabideak jorratuko ditu, beste aspektu batzuekin batera.

Era berean, azpimarratzekoa da La atencion a la desatencion. Una mirada critica sobre el TDAH. La intervencion desde una perspectiva integral ikastaroa.

Arlo honetako beste gai batzuei buruzko ikastaroak izango dira: coaching sistemikoa, inteligentzia emozionala eta Programazio Neurolinguistikoa.

Zientzia eta Teknologia

Bi ikastaro emango dira arlo honetan. El pequeño comercio y las redes sociales: como puede el pequeño comercio aprovechar Facebook, Twitter y otros recursos de Internet para atraer y fidelizar clientes ikastaroak denda txiki batzuen arrakasta aztertuko du, praktika orokor onak adieraziko dira, abantailak eta eragozpenak, aldizkari elektronikoak…

Osasuna

Bukatzeko, Uda Ikastaroen aurtengo berritasuna den Osasuna arloan, Diagnostico y tratamiento de las estructuras que componen el tobillo, retropie y antepie, mediante el MRP (Movimiento Respiratorio Primario) ikastaroa nabarmentzen da. Oinarrizko Arnasketa Mekanizazioaren (OAM) mugimendu baten bidez eta anatomian eta fisiologian oinarrituz diagnosi batera iritsi eta, ondoren, lesio horiek tratatzea aztertuko da.

Alimentacion, bienestar, energetica y enfermedades ikastaroak ongizate fisiko, emozional eta mental hobea izateko eta organo eta emozioak kontrolatzen ikasteko, gaixotasun eta sintomak hobetzea bilatzen du.

Informazioa eta matrikula

Uda Ikastaroetan matrikulatzeko epea maiatzaren 26ra arte egongo da zabalik. UNED-eko ikasleek, Lanbiden izena emandako langabeek eta Kutxako bezeroek beherapenak izango dituzte. Halaber, UNED-Bergarak Bertaratze Agiria emango du.

Informazio gehiagorako edo matrikulatzeko, ondorengo bideak erabili daitezke:                                                                                             

Kutxaren laguntza

Kutxa UNED-Bergarako Zuzendaritza Patronatuko kidea da eta, urtero bezala, aurten ere, Uda Ikastaroak diruz lagundu ditu. UNED-Bergarako arduradunek esker ona adierazi diote Kutxaren parte-hartzeari, "askotariko pertsonen interesa asetzen duten ikastaro labur hauek sendotzea" ahalbidetu dutelako (470 ikasletik gora iaz).

UNED-Bergarako Uda Ikastaroak 2002an ematen hasi ziren, 25. urteurrenaren ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak