Menopausiaz berba egingo dute Osasun Ikasgelan

Leire Kortabarria 2012ko api. 13a, 12:18

Menopausia da Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuak bere Osasun Ikasgelarako aukeratu duen gaia, eta horretaz hitz egiteko bi saio antolatu ditu. Martitzenean, hilak 17, izango da lehenengoa, Arrasaten, eta 24an bigarrena, Bergaran.

 

Menopausia emakumeen bizitzaren garai bat da. Hilekoaren etenari lotuta dago eta hainbat aldaketa sor diezaioke emakumeari. Prozeso natural honi buruz hitz egiteko Rebeca García Valverde eta José Ramón Serrano, ESIko emagin eta ginekologoa, izango dira Arrasaten eta Bergaran.

ESIren Osasun Ikasgelak arrakasta izaten ari dira, antolatzaileen esanetan, eta honako hau 2012an egiten den hirugarrena da. Gaia era hurbilean eta praktikoan aztertuko dute. Besteak beste, ikasgelak honako puntu hauek jorratuko ditu:

  • Menopausia zer den.
  • Garai honetan gerta daitezkeen aldaketak.
  • Gerta daitezkeen gora beherak.
  • Prebentzioa.
  • Sintomen tratamentua.
  • Garai hori hobeto bizitzeko aholkuak.

Arrasateko saioa martitzenean, hilak 17 izango da, Kulturaten, 19:00etan; eta Bergarakoa, hilaren 24an, martitzena, Irizar jauregian, 19:00etan.

Rebeca Garciak erizaintza ikasi zuen EHUn, Gasteizen, eta emagin ikasketak egin zituen Bartzelonan, praktikak Probintziako Maternidadean eginez. 1985ean Debagoieneko Ospitalean hasi zen lanean erditze arloan eta 23 urte egin ditu bertan. 2010etik Lehen Mailako Arretan ari da lanean, Leintzeko unitatean. 2000. urtetik amagandiko edoskitzean gaitze lanetan dabil, OMS eta UNICEF erakundeen eskutik, eta Debagoieneko ESIko amagandiko edoskitze batzordeko kide da.

Bergarako saioa Jose Ramon Serrano Debagoieneko ESIko Ginekologia eta Obstetrizia Zerbitzuko buruak emango du. Euskadiko Kontrazepzio elkarteko presidentea, Ginekologia eta Obstetriziaren Euskadiko Elkarteko presidenteordea eta Espainiako Kontrazepzio Elkarteko diruzaina ere bada Serrano.

Abendutik, antolaketa berria

Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratua (ESI) Osakidetzak 2011ko abenduan sortu duen zerbitzuen antolaketa berria da eta artatze modalitate biak (lehen mailakoa eta espezialdua) uztartzen ditu erakunde bakar batean. Bere baitan hartzen ditu abendura arte Debagoieneko Ospitalea izan dena eta Arrasateko, Aramaioko, Aretxabaletako, Eskoriatzako, Leintz Gatzagako, Bergarako, Oñatiko eta Antzuolako osasun zentroak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak