Euskaraz aurkezturiko karrera amaierako proiekturik onena sarituko dute Mondragon Unibertsitatean

Usoa Agirre 2012ko api. 12a, 14:55

Euskara sustatzeko konpromisoari jarraituz, Mondragon Unibertsitateak, Mondragon Korporazioarekin batera, 'Euskarazko karrera amaierako proiekturik onena'-ren bigarren edizioa deitu du. Sariketaren helburua unibertsitateko ikasleen eta taldeko enpresen artean euskaraz aurkezturiko karrera amaierako proiektu kopuru handiagoa garatzea da, eta horrela unibertsitate-enpresa harremanetan euskararen normalizazioa sustatzea.

Mondragon Unibertsitateko ikasleen eta ikasketen irakas-hizkuntza euskara izan arren, urtero aurkezten diren karrera amaierako 300 proiektuetatik %25 soilik idazten da euskaraz, eta gainerakoak gaztelaniaz idazten dira.

Lehen edizioan 17 proiektu aurkeztu ziren, eta Huheziko Psikopedagogiako ikasle Irantzu Portillok gradu amaierako Erresilientzia goiztiarra haurraren garapenean lanarekin irabazi zuen saria, 2.000 eurokoa.

Izen-ematea

Bigarren edizioan Mondragon Korporazioko enpresetan eta erakundeetan karrera amaierako proiektuak garatzen eta euskaraz aurkezten dituzten Mondragon Unibertsitateko ikasleek parte hartu ahal izango dute. Huheziko ikasleen kasuan, Korporaziokoak ez diren enpresetan egindako proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte.

Epaimahaiak proiektuaren kalitateaz gain, lanaren euskararen kalitatea ere baloratuko du, eta proiekturik onenari 2.000 euroko saria emango dio. Lehiaketan parte hartu ahal izango duten proiektuak honako hauek dira: urte natural barruan unibertsitateak dituen hiru deialdietako batean aurkezturikoak. Horiek euskaraz idatzita egon behar dute eta 9ko gutxieneko nota izan behar dute.

Sari-banaketa, Euskararen Egunean

Lehiaketara aurkezteko epea iraileko deialdiko proiektuak aurkeztu ondoren amaituko da. Epaimahaia azaroan bilduko da eta irabazlea abenduaren 3an emango da ezagutzera, Euskararen egunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak