Miren Amasorrain: "112ra deitu eta anbulantzia etorri arte nola jokatu erakusten dugu"

Mireia Bikuña 2012ko api. 7a, 02:00

Miren Amasorrain erizaina eta DYAko monitorea da. Lehen sorospenen gaineko ikastaroak ematen ditu, eta aurreko astean Eskoriatzan egon zen. Espero ez dugun egoera baten aurrean nola jokatu erakutsi zuen. Lehen sorospenen "garrantzia" azpimarratu zuen, eta hark esandakoa ekarri dugu gurera.

Zer lantzen duzua lehen sorospenen gaineko ikastaroetan?

DYAko ikastaroen helburua da lehen sorospenen gaineko oinarrizko azalpenak ematea. Herritarrendako ikastaroak dira, oinarrizkoak, eta espero ez dugun egoera baten aurrean nola jokatu erakutsi gura izaten dugu. 112ra deitu eta anbulantzia etorri arte, zer egin behar dugun erakusten dugu.

Nortzuk parte hartzen dute?

Lehen sorospenean sentsibilitatea duten pertsonak etortzen dira ikastaroetara. Adin tarteari dagokionean, denetarik: helduak, nagusiak, edo erizaintzako modulua egiten diharduten gazteagoak. Oso praktikoak dira, eta euren hitzetan, baita aberasgarriak ere.

Zeintzuk dira lehen sorospenen oinarrizko ezaugarriak?

Erakusten dugun lehen gauza da, espero ez dugun egoera baten aurrean nola jokatu. Adibidez, erosketak egitera goazenean, pertsona bat lurrean badago, zer egin: lasai egon eta gaixoa lasaitu, ingurua babestu, eta 112ra deitu. Hori da jarraitu beharreko protokoloa.

112ra deitzen dugunean, hainbat datu eman behar ditugu.

Bai, eta oso inportantea da datuak ondo ematea, guk esandakoarengatik jakingo dutelako zenbaterainoko larria den kasua. Non gauden, zer gertatzen den, eta beste galdetuko digute. Gainera, deia egin duena identifikatu behar dute: izen-abizenak eta telefonoa eskatuko dizkigute. Oso inportantea da datuok ematea. Askok egiten dute datu pertsonalak eskatzerakoan, telefonoa eskegi. 112ra deituta, eskatutako datu guztiak eman behar dira, baita pertsonalak ere. 

Zeintzuk dira jakin beharreko oinarrizko ezagupenak?

Kanpoko hemorragia izan edo barruko izan, modu ezberdinean jokatu behar dugula; zorabioen, intoxikazio edo epilepsia kasu baten aurrean zer egin behar dugun; edo bihotzekoa sufritu duen pertsona nola lagundu erakusten dugu.

Gaixoa lasaitzea eta norbera lasai egotea ezinbestekoa da?

Bai, duda barik. Gaixoari eskua ematea, eta dena ondo dagoela, eta lasai egoteko esatea, oso inportantea da. Horretarako, ezinbestekoa da, gaixoaren ingurua egokia izatea. Orain dela gutxi, Bergaran gertatu zitzaidan: pertsona bat lurrean zegoen min hartuta, eta ni laguntzen. Gure inguruan pertsona asko zeuden begira, marmarrean. Halakoetan, pertsona horiei joatea eskatu behar diegu.

Ikastaroetan parte hartzen dutenek, zer galdetzen dute?

Askok bizi izandako kasuak kontatzen dituzte, eta bereziki bihotzekoen aurrean nola jokatu behar duten galdetzen dute. Masajeak nola eman behar diren galdetzen dute; gaixoa zein posiziotan ipini behar duten...

Azken finean, duten mina dutela, gaixoa posizio egokian ipintzea inportantea da: tronbosia denean erdi-eseritako posizioa; bihotzekoa denean etzanda; zorabioa edo barneko hemorragia denean anti-shock posizioan...

Norbera lasai egon behar dela esan duzu. Baina, egoera guztiak ez dira berdinak; adibidez, istripu larria edo zorabioa. Berdin jokatzen dugu?

Zorabio baten aurrean lasai jokatzen duen pertsona, akaso, urduri ipiniko da istripuaren aurrean. Baina, normala da, egoerak ez direlako berdinak. Ahal dela, lasai egotea da aproposena, eta istripu kasuetan gu ondo babestea: txaleko distiragarria ipini eta protokoloa jarraitu.

Pertsona batzuek odol hotza dute eta lasai asko egoten dira edozein jarreraren aurrean. Beste batzuk aldiz, ihes egiten dute. Dena den, legeak dio edozein istripuren aurrean laguntza eman behar dugula, ezin dugula ihes egin. Hori horrela, legez laguntza eman behar dugunez, sorospenaren gaineko jakintza badugu, askoz hobeto.

Gutxieneko laguntza nahikoa da?

Ikastaroetan esaten diet, gutxi bada ere, zerbaitetan lagundu ahal dugula: hitz goxoekin, gaixoari eskua emanda... Anbulantzia etorri arte gaixoaren alboan egonez gero, asko da. 

Halako egoeratan, kritikoak direnean, egiten dugun apurra hil ala bizikoa izan daiteke. Pertsona asko bizirik daude istripu lekuan ezinbesteko laguntza jaso dutelako.

Lehen sorospen egokia ematearen garrantzia azpimarratzen diharduzu. Hezkuntzan lantzen dute lehen sorospena?

Geroz eta gehiago. Ikastaro hauek ikastetxetan ere ematen ditugu, eta baita enpresetan ere. Enpresetan lehen sorospenekin lagundu daitezkeen istripu asko egoten da, eta oinarrizko ezagupenak izatea inportantea da.

Esango nuke, txiki-txikitatik lehen sorospena zer den ikasi beharko genukeela. Nik ez nuen lehen sorospena eskolan landu, baina egun egiten da, eta beharrezkoa iruditzen zait.

Hortaz, beharrezkoak dira halako ikastaro-hitzaldiak?

Bai. Gainera, geroz eta gehiago egiten ditugu. Lehen sorospenarekin ohitu egin beharko genuke, une bakoitzean zer egin behar dugun jakiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak