Erosotasuna alde batera, gazteak elkarlanerako gertu oporretan

Leire Kortabarria 2012ko api. 5a, 02:00

Aste Santuko oporrak ate joka ditugu, baina, gazte askorendako, harantzago begira jartzeko momentua ere bada: udara begira, hain zuzen. Izan ere, udako oporretarako eskaintza gehienetarako izenemate garaia da.

 

Zabalik dauden deialdien gaineko informazioa eman zuen Dorleta Kortazarrek, Arrasateko Gazte Bulegoko arduradunak, Arrasate Irratian. Eusko Jaurlaritzak antolatutako bi hitzordu nagusi nabarmentzen ditu, biak ere urteroko eskaintzan egoten direnak: Euskadiko Gazteak Lankidetzan eta auzolandegiak. 

Deialdi horien guztien gaineko informazioa gazte bulegoetan edo udal gazteria sailetan eska daiteke; baita Internet bidez ere, www.gaztebulegoa.com eta www.gazteaukera.euskadi.net webguneetan.Udan begirale eta koordinatzaile lan egin gura dutenendako ere badaude hainbat deialdi. 

GKEei laguntzen

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa "oihartzun handia izaten dabil azken urteotan", esan zuen Dorleta Kortazarrek Arrasate Irratian. Horretan izena eman daiteke Internetez. Martxoaren 31n ireki zuten epea, eta apirilaren 19an itxiko dute.

Garapen bidean dauden herrialdeetan udako egonaldiak egiteko programa da, eta 100 bat gazterendako lekua izaten du. Hile bat, bi edo hiruko egonaldiak izaten dira. Izenak dioen moduan, helburua da leku bakoitzean egiten dabiltzan proiektuetan laguntzea. Normalean, Gobernuz Kanpoko Erakundeak ibiltzen dira proiektu horiek aurrera ateratzen, eta laguntasuna behar izaten dute. 

Basamortuan (Argazkia: Laura Eek Quesada).

Joan-etorriaren gastua programak hartzen du bere gain, eta beste gastu eta tramite guztiak, norberak. 90 euroko kuota ipini behar izaten da.

Izena emateko baldintzak hauek dira: EAEn erroldatuta egotea eta 21 eta 30 urte artekoa izatea. Hori eta gero, aukeraketa batzordeak hainbat gauza baloratuko ditu, hala nola formazioa, garapenerako ekintzetan edo erakundeetan parte hartzea eta beste batzuk. Horrez gain, gazteek konpromiso batzuk ere hartu behar dituzte: besteak beste, joan aurretiko formazio saioetan parte hartzea, joandako lekuko bizimodura moldatzea edo egonaldia osorik egitea.

"Jendea horri begira dago"

Auzolandegietan leku askotako gazteak biltzen dira, borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe aldi batez elkarrekin bizi eta jendartean eragina duen proiektu baten parte hartzeko. Askotariko proiektuak izan daitezke: beste batzuendako aisialdi ekintzak antolatu, natura-guneak txukundu edo landu, nolabaiteko premiak dituztenak zaindu, ondarea berreskuratu… denetarik. 

Etxeko edo hotel bateko erosotasunik ez dagoen arren eta norberak eginbeharrak eta konpromisoak hartzen dituen arren, auzolandegietara joateko irrikatan egoten dira urtero gazte asko. Hala, Kortazarrek nabarmentzen duen moduan, "oinarriak oraindik ez dira atera, eta jende asko urduri dago, azken urteotan izenematea on-line egiten delako eta eskatu ahala ematen dituztelako lekuak". Hala, iaz "oso azkar" bete zen programa eta jende asko kanpoan geratu zen. Aurten, apirilaren 24an, 09:00etan dira izenematea martxan jartzekoak, www.gazteaukera.euskadi.net webgunean. Bestalde, oraindik ez dute jakinarazi aurtengo auzolandegiak non izango diren, baina Euskal Herrian eta kanpoan izaten dira. 

Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban egiten diren auzolandegiei dagokienez, urtero epe bat irekitzen du Eusko Jaurlaritzak, auzolandegiak antolatu nahi dituzten erakunde edo elkarteek proposamenak aurkez ditzaten, eta, haiek baloratu eta gero, batzuk aukeratzen ditu. Aurten ere, hirugarren urtez, Debagoienean, Bergaran izango dira auzolandegi batzuk. Bergaraz gain, toki hauetako auzolandegiak onartu dituzte: Araia, Lantziego, Ozaeta, Salinas de Añana, Gernika, Artzentales, Lekeitio eta Urretxu. 

Eusko Jaurlaritzak antolatzen dituenak 15 egunekoak dira; gainerako kasuetan –Nafarroan, Espainian, Europan zein kanpoan– antolatzaile bakoitzak zehazten du iraupena eta beste baldintza guztiak ere. Hala, Euskadiko auzolandegietan parte har dezakete 18 eta 30 urte arteko gazteek. Beste kasu gehienetan ere, horixe da adin-tartea. Goizean auzolandegi programa barruan lan egiten dute eta arratsaldean, aisialdiaz gozatzeko aukera izaten dute.

Alemanian, auzolandegian. (Argazkia: Maider Perales Arizaga).

Parte-hartzaile bakoitzak 72 euro ordaindu behar du. Auzolandegiak antolatzen dituen erakundeak ipiniko du non lo egin –normalean, udal eraikinak edo aterpetxeak– eta berak emango ditu otorduak ere. Gainera, parte-hartzailea aseguruarekin doa, eta auzolandegiko jardueran izan ditzakeen istripuak eta erantzukizun zibila estaltzen ditu. Osasun-estaldura, berriz, norbere kontu da. Bestalde, auzolandegi bakarrerako eman daiteke izena.

Kontuan hartu behar da ere auzolandegi guztietarako ez dela eskaera-kopuru berbera egongo, faktore asko tarteko direla: adibidez, atzerriko auzolandegietan ibiltzeko, ingelesez jakitea derrigorrezkoa da eta, kasu batzuetan, frantsesa edo alemana; bestalde, auzolandegi guztiek ez dute berdin irauten, eta auzolandegia luzea baldin bada, jende gutxiago egongo da hura egiteko moduan.

Auzolandegiak ezagutzen ez dituztenendako, Dorleta Kortazarrek Gazteaukeraren webgunea bisitatzea gomendatzen du: "Beste urte batzuetako esperientziak, bideoak… ipintzen dituzte, eta auzolandegia zer den jakiteko interesgarria izan daiteke", esan zuen Arrasate Irratian.

"Aukera zoragarria da" 

Bergarako Udaleko Gazteria eta Hezkuntza sailak ere gogora ekarri nahi dizkie izenemate horiek biak –Euskadiko Gazteak Lankidetzan eta auzolandegiak– gazteei. Nagore Narbaitza teknikariaren hitzetan, "gero eta arrakasta handiagoa duten programak dira, zorte ona izanez gero, bidaiatzeko aukera zoragarria eta berezia eskaintzen dutelako programa hauek". 

Esperientzia politak kontatzen dituzte aurretik egondakoek. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak gogorarazten duenez, auzolandegiak ez dira "oporrak merke pasatzeko modu bat".

Udalekuak ere, aukeran

Hori dena, Eusko Jaurlaritzaren eskaintzari dagokionez. Baina bestelako aukerak ere badaude.

Orion, udalekuetan.

Adin-tarte baxuagoetarako, ume eta gaztetxoendako, alegia, udalekuak dira ezinbesteko hitzordua. Foru Aldundiak antolatzen dituen udalekuetarako izena eman dutenen artean nortzuk joango diren apirilaren 3an, jendaurreko zozketan erabakiko da. Baina udaleku itxietan ibiltzeko aukera gehiago badago: hala, apirilaren 13ra arte, Euskal Udalekuetan izena eman daiteke (www.euskaludalekuak.org); apirilaren 2tik 10era, Bertsozale Elkartearen Bertso Udalekuetarako izenemateena, bertso eskoletan ez dabiltzan umeendako (www.bertsozale.com); eta apirilaren 16an irekiko da 14 eta 17 urte artekoen Oporraldiak programan izena emateko epea. Euskal Herrian eta Espainian egonaldiak egiteko aukera dute gaztetxoek. Foru Aldundiak antolatzen du, eta informazio gehiago dago gipuzkoagazteria.net webgunean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak